Gailurretako zinemarik onena, Mendi Tourren eskutik

Erredakzioa 2023ko martxoaren 15a

Martxoaren 20an eskainiko dute 'Egoland' lana. / Mendi Tour

Besteak beste, Ibai Rico eta Eñaut Izagirre geologo eta glaziologoen 'Into the Ice' lana ikusi ahal izango da.

Mendi Film nazioarteko jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltaria Arabako hiriburura iritsiko da martxoaren 20tik 24ra bitartean. Vital Fundazioa aretoan eskainiko dute Mendi Tour, 19:30ean, gailur desberdinetan jasotako film onenen bilduma.

Alpinismoaren, izotz eta arroken eskaladaren, muturreko eskiaren, ur bizietako kayaken, esplorazioaren eta natura basatiaren inguruko 13 film eskainiko dituzte. 2022ko abenduko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian sarituak eta hautatuak izan ziren filmak. "Gidoi landuak, argazki bikainak, ikuslea abenturara eramaten duten soinu-bandak… boladan dagoen zinema-genero honetako zuzendari onenen eskutik. Zinema-saio hauek gomendagarriak dira mendizaleentzat, zinema dokumentala maite dutenentzat eta publiko zabalarentzat", azaldu dute antolatzaileek.

Gasteizekin batera, lurraldera zabalduko dute eskaintza, zirkuituari bi egoitza berri gehituz: Kanpezuk apirilaren 22an, eta Laudiok maiatzaren 19an hartuko dute Mendi Tourra.

Saritutako lanak

Eskainiko dituzten lanean artean, From shade to light, Egoland eta Agur Artzai filmek Bilbon bina sari jaso zituzten. Zuzendaritza onenaren eta alpinismoko film onenaren sariak jasota, lehenak, Seb Montaz-en sinadura darama, Kilian Jornetekin edo Flying Frenchiesekin lan egin izan duen zuzendaria. Egoland-ek ikusleen saria eta epaimahaiaren aipamen berezia irabazi zituen, Ignasi Lopez zuzendari kataluniarraren film laburra da, stop-motion animazio-teknikaren maisua bera. Julen Zubiete zuzendari bizkaitarrak Gorbeiako artzain erretiratu Jose Ereñori buruz egindako erretratu zoragarria da, bere aldetik, Agur Artzai; euskarazko film onenaren eta gazte epaimahaiaren sariak jaso zituen.

Into the Ice, bestetik, Darwin mendikatera egindako izen bereko esplorazio, zientzia eta alpinismo espedizioan oinarritutako filma da. Ibai Rico eta Eñaut Izagirre geologo eta glaziologoek, biak EHUko Gasteizko Geologia Fakultateko kideak, Vital Fundazioa Kulturuneko agertokian aurkeztuko dute beren lana.

Sarrerak 5 euroan jarri dituzte salgai; www.fundacionvital.eus webgunetik edota Vital Fundazioak Kordoi Etxean duen egoitzan (Aiztogile kalea 24) eros daitezke, eta txarteldegian ere bai, saio egunetan, baldin eta lekua badago, 18:30etik aurrera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago