Nuria Espert, Eusebio Poncela eta Benito Lertxundi, udaberriko hitzorduen artean

Erredakzioa 2023ko mar. 14a, 12:53

Ekainaren 24an izango da Benito Lertxundi Principalen. / B. Lertxundi

Thusia eta Piszifaktoriaren eskutik, 'Hau ez da gerra bat' lana aurkeztuko dute maiatzaren 10ean.

Udaberri honetan, diziplina askotako 34 ikuskizun ekarriko dituzte Gasteizko antzokiek. Haietako 27 Principal antzokian izango dira, eta beste zazpi udal sareko antzokietan. 

Helduentzako antzerkiak bost aukera biltzen ditu. Apirilaren 21ean, Andres Limak zuzendutako Paraíso Perdido ekoizpen-lan eszenikoa iritsiko da; maiatzaren 12an, Ojos que no ven, Cecilia Solaguren eta Jorge Roelas protagonista dituen komedia beltza; eta maiatzaren 20an, aldiz, Juan Mayorga dramaturgoaren Amistad. Kartela osatzeko, Igor Yebraren eta Eusebio Poncelaren El beso de la mujer araña iritsiko da maiatzaren 25ean, eta Carmelo Gomezen eta Miguel Hermosoren La guerra de nuestros antepasados lana ekainaren 1ean. Euskarazko antzerkien artean, berriz, Metrokoadrokaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan egongo da ikusgai apirilaren 19an, eta Thussia eta Piszifaktoriaren Hau ez de gerra bat maiatzaren 10ean.

'Platea' eta 'Nevenka'

Hiriko gizarte etxeetan antzerkiarekin lotutako beste lau emanaldi izango dira. JIM Aktual zikloaren barruan, Jesus Ibañez de Matauco antzokian Tripak konpainiaren Platea izango da apirilaren 20an, eta Maria Goirizelaiak zuzendutako Nevenka maiatzaren 11n. Ibaiondoko zikloaren barruan, Felix Petite antzokian eskainiko dituzte Calorica konpainiaren Las aves lana maiatzaren 26an, eta Pont Flotanten Eclipse total ekainaren 9an.

Umorea Buenismoren eskutik helduko da Principal antzokira maiatzaren 27an; Quique Peinadok, Henar Alvarezek eta Manuel Burquek aurkezten duten irratisaioan oinarritutako ikuskizuna aurkeztuko dute. Horrez gain,  El Terraten eta Andres Limak zuzendutako Los días ajenos de Bob Popen txanda iritsiko da ekainaren 16an; jarraian, Martita de Grana eta bere azken ikuskizuna, Martita sea, iritsiko da ekainaren 17an. Amaiera emango dio Ay Carmela komediak ekainaren 23an Pepon Nietorekin eta Maria Adanezekin.

Dantza ikuskizunen artean, Kubako Ballet Nazionala maiatzaren 13an iritsiko da Gasteizera Uwe Soltzek eta Ricardo Amarantesek koreografiatutako lanekin, eta ekainaren 3an, aldiz, La Mov konpainiaren eta haren El Lago lanaren txanda iritsiko da. Horiei guztiei, Felix Petite antzokian beste hiru proposamen gehitu behar zaizkie: Lad Silhouttek eskainitako Los perros, maiatzaren 4an; Osa Mujikaren Abundance, maiatzaren 12an, eta Adriana Peyaren eta Clara Peyaren FAM, ekainaren 2an. 

Benito Lertxundi eta Eñaut Elorrieta

Musikari dagokionez, maiatzaren 5ean, Asier Etxeandia Gasteizen izango da Principal antzokian Enrico Barbarorekin batera abian jarritako Mastodonte proiektuarekin eta bere azken lanarekin, Simplemente Perfecto Show izenekoarekin, batera. Maiatzaren 18an, berriz, Eñaut Elorrietak San Prudentzio kaleko agertokian aurkeztuko du bere azken diskoa: Fantasia. Gainera, Sole Gimenez Principal antzokian izango da Poetak Maiatzean jaialdiaren eskutik bere 40 urteko ibilbidea ospatzeko egiten ari den Celebración birarekin. Ekainaren 24an, aldiz, Benito Lertxundik bere azken diskoa aurkeztuko du: Ospakizun gauean.

Emanaldi horiei guztiei Kontzertu Handien Zikloa eta Euskadiko Orkestraren eta Udal Bandaren programazioa gehitu behar zaizkie. Apirilaren 22an, Geraldine Ramirezek eta Bilbao Sinfoniettak kontzertua eskainiko dute Miguel Blancok egindako moldaketekin; maiatzaren 19an, Cuarteto Casalsek 25 urteko ibilbidea ospatuko du JS Bachi, Haydni eta Schuberti eskainitako kontzertuarekin, El arte de la fuga (Fugaren artea) izenekoarekin; eta, azkenik, ekainaren 15ean, Nuria Espertek, Ensemble La Tempestadekin batera, La Tempestad de Vivaldi lanaren inguruko programa eskainiko du.

Gainera, Euskadiko Orkestrak 2022-2023 abonamenduko hiru kontzertu eta familia osoarentzako emanaldi bat eskainiko ditu. Apirilaren 26an, Elgar-Vepriken eta Beethovenen programarekin Arimatik eskainiko du Orkestrak Peter Zimmermann biolin-jotzaile bikainarekin; maiatzaren 8an, Prokofiev-Dzenitis-Korngoldi eskainitako Pasioa iritsiko da eta, ekainaren 8an, denboraldiko azken kontzertuan, Xostakovitx-Chopini eskainitako Gainditzea, Robert Treviñoren zuzendaritzapean. Txikienek, aldiz, Elkarrekin sortu kontzertu parte-hartzaileaz gozatzeko aukera izango dute maiatzaren 8an, 18:00etan, Principal antzokian. Amaitzeko, Udal Musika Bandak maiatzaren 24an eskainiko du abonamenduko azken kontzertua, Soinu migratzaileak, Ander Perrino kontrabaxu-jotzailearekin, eta Luis Orduñak zuzenduta.

Udaberriko denboraldirako abonamenduen salmenta martxoaren 23, 24, 25 eta 26an egingo da. Abonamendu irekiak martxoaren 28an egongo dira eskuragarri (hilaren 21etik aurrera eskatu ahal izango da aurretiazko hitzordua), eta sarrerak martxoaren 29tik aurrera ohiko bideetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago