Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek gaur aurkeztu dituzte 2023ko Udalekuen udako kanpaina. 7 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendutako jolas eta hezkuntza programak ia 4.000 plaza eskainiko ditu aurten hiru lurralde historikoetan: 1.695 Araban, 1.288 Bizkaian eta 1.100 Gipuzkoan.
"Entretenimendua sustatzeaz gain, bizikidetza, errespetua, bizimodu osasungarria eta ingurumenaren garrantzia ere ikasten dira. Bizitzako etapa horretan beren garapen pertsonalerako oso garrantzitsuak diren esperientziak biziko dituzte", azaldu dute hiru lurraldeetako Kirol eta Kultura diputatuek. "Aurten be, euskararen, kulturaren eta bertoko kirolaren aldeko apustua egin dugu".
Askotariko eskaintza izango da aurtengo edizioan, uztailaren 1etik 29ra bitartean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan kokatutako hamabost instalaziotan: ingurumen jarduerak baserri eskoletan, piraguismoa, mendi ibilaldiak, bela bezalako kirol jarduerak, jolasak, txangoak, tailerrak, museoetara bisitak, txalaparta, mitologiari buruzko gau jaiak, ginkanak, eskalada, rapela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio jolasak, Laser Tag, segway-a, mendiko bizikletako jaitsiera, arraunketa, piragua, kanoi-jaitsiera, pedaloia, optimist-a, wind surfa, disc golfa edo pilota, multiabentura, herri kirolak, ferrata bideak, baratzeko jarduerak, animaliekin egindako jarduerak, geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak garatuko dira....
- Araban: Barria, Zuhatza eta Espejo.
- Gipuzkoan: Orio, Zarautz, Hondarribia eta Abaraxka (Azkoitia).
- Bizkaian (zazpi eguneko egonaldiak): Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran) eta Meakaur (Morga) aterpetxeak.
- Nafarroa: Bertiz, Irrisarri Land eta Legasa (Bertizarana).
Instalazio horietan hiru lurraldeetan erroldatutako haurrek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker; alabaina, partaide bakoitzak erroldatuta dagoen lurraldean egingo du izen-ematea. Instalazio bakoitzeko jardueren inguruko informazio guztia Arabako Foru Aldundiaren webgunean.
Izen-emateak eta kuotak
Zozketarako izen-emateak egun hauetan egin ahal izango dira, gehienez ere hiru partaideko taldeetan:
- Araba: martxoaren 22tik 31ra.
- Bizkaia: martxoaren 20tik 29ra, 13:30ak arte.
- Gipuzkoa: martxoaren 20tik 28ra.
Ondoren, plazen zozketa lurralde bakoitzean egingo da jendaurrean:
-
Araba: apirilaren 19an.
-
Bizkaia: apirilaren 26a.
-
Gipuzkoa: apirilaren 17a.
Aurten, 135 euroko kuota orokorra ezarri da, eta prezio horren barruan sartuko dira ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria, dinamizazio zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua eta joan-etorriko garraioa (Donostia, Bilbo eta Gasteiztik). Gainera, lurralde bakoitzak hobariak ezarri ditu gizarte laguntzak (DSBE edo GLL) jasotzen dituzten familientzat eta familia ugarientzat.
Integrazioa
Hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonak –desgaitasun fisikoa, psikikoa, sentsoriala edo soziala– aisialdiko jardueretan integra daitezen sustatzeko, foru aldundiek plaza guztien %5 gordeko ditu kolektibo horientzat. Integrazio prozesu hori bermatzeko, arreta emateko elkarte espezifikoen laguntza izango dute aldundiek.