Hiru hilabete baino gehiagoko epe horretan, Rentafacil proposamena eginda duten zergadunak Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan sartu ahal izango dira, BAK, BAKQ edo baliozko beste edozein ziurtagiriren bidez identifikatuta, proposamena egiaztatzeko eta onartzeko edo aldatzeko.
Aurreko urteetan bezala, proposamena aldatzeko aukera izango da alokatutako higiezinen etekinak, ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkaria eta banku helbideratzearen kontua gehituz. Aurten, berrikuntza gisa, etxebizitza kontuaren kenkaria eta dohaintzen kenkaria ere gehitu ahal izango dira. Egoitza elektronikotik ez bada, proposamenen berrespenak apirilaren 19tik ekainaren 18ra egin ahal izango dira.
Halaber, apirilaren 3tik aurrera Rentared modalitateko aitorpenak aurkeztu ahal izango dira ere. Hau da, Arabako Ogasunaren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren laguntza programaren bidez zergadunek egindako eta egoitza elektronikotik bidalitako proposamenak dira. Aitorpen horiek bidaltzeko, baliozkoak izango dira BAK eta BAKQ baliabideak, baita baliozko ziurtagiri digitalak ere.
Bestalde, apirilaren 3tik aurrera, aholkularitza edo kudeaketa bulegoek beren bezeroen errentaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak aurkeztu ahal izango dituzte Rent@raba modalitatean. Apirilaren 19an, errentaren gaineko zergaren aitorpenak aurrez aurre egiten hasiko dira Arabako Foru Ogasunaren bulegoetan, Gasteizen, Laudion eta Guardian; kasu horretan ere, Rent@raba modalitatea erabili beharko da.
Zergadun guztiek doako zerbitzua eskuratu ahal izango dute, hainbat salbuespenarekin: 2022an jarduera ekonomiko batean aritu direnek, beren ohiko etxebizitza saldu dutenek, higiezinak edo akzioak saltzeko hiru eragiketa baino gehiago egin dituztenek, merkataritza sozietateetako kotizatu gabeko partaidetzak saldu dituztenek edo lekualdatutako langileentzako araubide bereziaren arabera tributatzea erabakitzen dutenek.
Ordainketari dagokionez, ondarearen gaineko zergaren autolikidazioetatik ateratzen den zenbateko osoa ekainaren 26rako sartu behar da. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kasuan, autolikidazioa egin ondoren ateratzen den zenbateko osoa ekainaren 26a baino lehen sartu ahal izango da, edo ordainketa zatikatu. Azken kasu horretan, lehen ordainketa, zenbateko totalaren %60, ekainaren 26rako egingo da, eta bigarren ordainketa, gainerako %40, azaroaren 10erako.