TOKIKOM Sariak

TOKIKOMen 10. urteurreneko jardunaldiak, martxoaren 24an Getxon

Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 10:30

2023an hamar urte bete dira euskarazko 76 toki komunikabide batzen dituen TOKIKOM taldea eratu zenetik, eta urteurrena ospatzeko gertuko kazetaritzaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu taldeak, martxoaren 24an Getxoko Olatua-n.

TOKIKOMek antolatutako Komunikabideak etorkizuna ehuntzen jardunaldiak martxoaren 24an izango dira, Getxoko Olatua gurutzontzien terminalean. Jardunaldiotan lekua erreserbatzeko epea zabalik dago jadanik, eta martxoaren 17an itxiko da. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EiTBren babesaz antolatu dituzte jardunaldiak, baita Uribe Kostako Hiruka komunikabidearen laguntzaz ere.

Olatua, Bilboko Portuko bidaiarien terminala. / Irudia: Bilboko Portua

 

Hausnarketa, aldarrikapena eta festa

Ekitaldia 09:00etan hasiko da, eta hiru zati izango ditu: hausnarketa, aldarrikapena eta festa.

Hausnarketari dagokionez, hiru gai nagusi landuko dira jardunaldian: lehenengoa toki komunikabideek demokrazia sozialaren eraikuntzan duten garrantzia izango da. Horretan sakontzeko, Britainia Handiko BBC telebista publikoaren Local Democracy Reporting eta Shared Data Unit esperientziak ezagutaraziko dira, korporazio publikoaren zein Erresuma Batuko toki komunikabideen ikuspegitik. Gainera, Norvegiako toki komunikabideen elkarteak bertako telebista publikoarekin duen lankidetza programaren berri ere emango du, eta TOKIKOMek EiTBrekin batera garatutako Saretzen egitasmoaren lehen fruituak aurkeztuko dira.

Gai teknikoagoetara jaitsita, kazetaritza eta aisialdia izango da beste mintzagaietako bat. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko IKUSIKER ikerketa taldeko kideek Euskal Herriko gazteen eduki eta informazio kontsumoen ohituren berri emango dute eta, gai horrekin lotuta, EiTB prestatzen ari den Primeran ikus-entzunezko plataforma publikoaren aurrerakin bat ere ikusi ahalko da Getxon.

Gai teknikoekin jarraituta, kazetaritza eta digitalizazioa ere hartuko dugu hizpide. Alde batetik, UNAVeko adituen eskutik Reuters Institutuaren Digital News Report txostena aztertuko dugu, eta zer dioen mundu osoko eta Espainiako eduki eta albiste kontsumo ohituren inguruan. Gainera, tokiko kazetaritzan aplikatu daitezkeen adimen artifizialeko tresnen aukerak eta erronkak ere xehetuko ditugu.

Toki komunikabideen elkarteen manifestua

https://tokikom.eus/wp-content/uploads/2022/11/52509915384_d2b777d93a_k.jpg

Toki komunikabideen elkarteen ordezkariak, 2022ko azaroan Bartzelonan

 

Atal akademikoa bukatuta, aldarrikapenerako tartea ere izango da jardunaldietan. Herrialde Katalanetako toki komunikabideen elkarteekin batera, toki komunikabideen elkarteen manifestu komuna sinatuko dugu Getxon, toki komunikabideen garrantzia aldarrikatzeko. 2022ko azaroan Kataluniako Premsa Comarcal elkarteak bere 40. urteurreneko ekitaldira gonbidatu gintuenetik, lankidetza dinamika etengabe izan da Katalunia, Valentzia, Mallorca eta Menorcako toki komunikabideen elkarteekin, eta aurrera begira lankidetza hori pauso zehatzetan zehazteko lehen urratsa izango da manifestua.

Eguna bukatzeko, jardunaldiak TOKIKOMen urteurrenaren inguruko ikuskizun batekin borobilduko ditugu eta, haren ostean, elkarrekin mokadu bat hartu eta ospatzeko aukerarik ere ez da faltako.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago