Uzta berriarekin dator Bertako Fest

Erredakzioa 2023ko mar. 6a, 13:34

'Fràgil' lana aurkeztuko du Maria Andresek. / M. A Cia.

Asteburuan, martxoaren 11n eta 12an, ospatuko dute Gasteizko Baratza aretoak antolatutako jaialdia.

Emanaldi bikoitzarekin emango diote hasiera Bertako Fest jaialdiari larunbatean, martxoaren 11n. 10:00etatik 13:00etara Kalakalab eta Kolektivo Monstrenkoren Corriente Continua antzezlan ibiltaria estreinatuko dute. Zapardiel ibaiaren antzinako ibilgutik barrena egingo dute; Txubio Fernandez de Jauregui eta Ricardo del Conderen eskutik kartografia berri, beste leku eta garai batetik eraikitzeko gonbidapena. Arratsaldean, 20:00etan, Input konpainiak El arte de no ser lana aurkeztuko du. Mendekotasunaren bizipenari buruzko gorputz-bidaia egingo dute, eta ondoren publikoarekin solasaldia izango da.

Amaitzeko, igandean, 19:00etan, Maria Andres konpainiak Frágil lana aurkeztuko du. "Giza hauskortasunari buruzko pieza bat da. Erori eta jaiki. Erori eta jaiki. Erori eta jaiki. Eta horren guztiaren erdian, amets egiten jarraitzea, jolasten jarraitzea eta, batez ere, geure buruaz barre egiten jarraitzea", azaldu dute. Gaurkotasuneko gaiak, umoretik, dantzatik eta clownetik landuak.

Jaialdia Baratza aretoak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila, Gasteizko Udala eta Vital Fundazioaren laguntzarekin. Sarrerak eta ikuskizunei buruzko informazioa  salabaratza.com webgunean dago eskuragarri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago