Proba zikloturistak horiz jantziko du Gasteiz

Erredakzioa 2023ko mar. 3a, 14:10
41. edizioa izango da aurtengoa. / Gasteizko Udala

Tourreko aurreko edizioren batean parte hartu duten Arabako txirrindulariak omenduko dituzte ekainaren 24ko lasterketan.

Arabako txirrindularitza egutegiko klasikoetako bat, Gasteiz proba zikloturista, edizio berezia biziko du aurten, ekainaren 24an. Bilbotik atera eta, besteak beste, Gasteiztik igaroko den 2023ko Tourraren inguruan antolatutako ekitaldietako bat izateko aukeratu dute.

Gasteizko Txirrindulari Elkarteak sustatutako proba historikoan parte hartuko dutenen maillota horia izango da, Frantziako itzuliarekin bat eginez. Horrez gain, irteeran, Tourreko aurreko edizioren batean parte hartu duten Arabako txirrindulariak omenduko dituzte. "Aukeraketa hori hamarkada askoan, edizioz edizio, Vitoria lasterketa Estatuko egutegiko txirrindulari-proba zaharrenetako bat baino askoz gehiago izatea ahalbidetzeko jende askok egindako lanari egindako aitorpen ederra da", aipatu du Hugo Garrigak, Gasteizko Txirrindulari Elkarteko presidenteak.

Livia Lopez kirol zinegotziak nabarmendu duenez, proba hau Gasteizko zaharrenetako bat da, arabarrek beren egutegietan apuntatzen duten ekimenetako bat: "Aurten, gainera, edizio berezia izango da, Frantziako Tourraren zigilua izango baitu. Horixe da mundu osoko kirol arloko ekitaldi handienetako bat eta aurten gure etxetik, Gasteiztik, igarotzeko zortea izango dugu". Hala, aurtengo lasterketa egiten dutenek, aparteko moduan, parte-hartzaileen maillotean kolore horia izango dute, Frantziako Tourreko liderrak bezalaxe. Eta, bigarrenik, Frantziako lasterketan parte hartu duten txirrindulari arabar guztiak omenduko dituzte.

Probari dagokionez, lasterketaren koordinatzaile eta Ascentiumeko zuzendariak, Eduardo Martinezek, aipatu du bi zirkuitu egongo direla: lehenengoa, tradizionala, 180 kilometrokoa, 2.900 metroko desnibel positiboa duena; eta bigarrena, motzagoa, 100 kilometroko ibilbidea eta 1.150 metroko desnibel positiboa dituena. Bi kasuetan, txirrindulariek ibilbide gogorra baina egiteko modukoa izango dute aurrean, paisaia ikusgarriak zeharkatzen dituzten bitartean. Lasterketan parte hartu ohi duen txirrindulari kopurua 500 baino gehiagokoa izaten da, baina aurten, dagoeneko kopuru hori gainditu da, nahiz eta oraindik lasterketarako hilabete batzuk geratzen diren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide