Arabako Arte Ederren Museoak Nicolas Tarkhoffen (Mosku, 1871-Orsay, Frantzia, 1930) zortzi margolanen erakusketa monografiko bat antolatu du, eta gaurtik hasita hurrengo urriaren 15era arte ikusi ahal izango dira.
Tarkhoff Moskun jaio zen 1871n, eta Parisen kokatu zen 1898an. Prestakuntza aldi bat egin zuen, hain gogoko zituen Van Gogh, Gauguin eta Cezanneren lanen ikasketekin batera. Bere lanak beti eutsi zion leial estetika inpresionista eta postinpresionistari bere ibilbide osoan. Frantziako lehen urteetan Parisko gaiak, kaleak, merkatuak, bulebarrak edo Senako ikuspegiak landu zituen. Garai horretan, buru belarri aritu zen, eta Parisko, Europako beste hiri batzuetako eta Errusiako erakusketa kolektibo nagusietan parte hartu zuen, adibidez, Moskun eta San Petersburgon erakusketak egin zituen.
1905ean ezkondu zen, eta harrezkeroztik aldaketa nabarmena gertatu zen haren lanaren gaietan, eta bestelako gai intimoago batzuetara jo zuen, hala nola loreetara eta natura hiletara. Seme-alaben jaiotzatik aurrera, familiako eszenek garrantzia hartu zuten. Paris utzi eta Orsayn kokatu zen 1911n. Aldaketa horrek naturara hurbiltzera eraman zuen, baina baita zirkulu artistiko eta komertzialetatik isolatzea ere, eta horren ondorioz, are zailago bihurtu zen haren egoera ekonomikoa eta soziala.
Zortzi margolan
Tarkhoff 1930ean hil zen, erabat pobre. 30 urte baino gehiago igaro behar izan ziren harik eta 60ko hamarkadan bildumagile batzuek egile honen figura berraurkitu zuten arte. Orain, Arte Ederren Museoak lehen aldiz aurkeztu du haren margolanetako zortzi modu monografikoan, "gure eremuan oso gutxi ezagutzen den eta premia gorrian hil zen artistaren" ikuspegi zabalagoa eta osatuagoa eman nahian orain artistaren irudia eta arte ekoizpena berreskuratzeko bizi dugun prozesu honetan, eta "museoak berreskuratze prozesu horri lagundu nahi izan dio" azañdu du Ana Del Val kultur diputatuak.
Tarkhoffen lana Arabako Arte Ederren Museoaren bilduman egotea garrantzi handiko gertaera da, Arabako Arte Ederren Museoaren funtsen artean ez baita sartzen nazioarteko lanik. Haren margolanak ordainean emate baten bidez sartu ziren museoaren funtsean, hau da, zerga zor bat bat –kasu honetan Arabako Foru Aldundiarekin– kitatzearen truke ondasun bat entregatzearen ondorioz.