Preso gazte bat hilda aurkitu dute Zaballan

Erredakzioa 2023ko ots. 28a, 12:43

Zaballako espetxean 2020tik zegoen preso hildako gaztea. ALEA

2020ko irailetik zegoen preso 22 urteko gizona. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman du berria, gobernu kontseiluaren ondoren egindako agerraldian. 

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Zaballako espetxeetako langileek 08:00etan izan dute gertakariaren berri, zenbaketa egiteko ziegak ireki dituztenean. 22 urteko gaztea bizi zantzurik gabe aurkitu dute, eta guardiako medikuei deitu badiete ere, ezin izan dute ezer egin gaztea suspertzeko.

Zupiriak azaldu duenez, gertakarien berri eman diote guardiako epaitegiari, baina Justizia Zuzendaritzak ere ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko. "Gardentasun proba" gisa eman dute informazioa, baina oraingoz ez dute xehetasun gehiago emango. Presoak zigor irmoa zuela adierazi dute Jaurlaritzatik, eta "delitu larri" batengatik espetxean zegoela. Horrez gain, azaldu dute ez zegoela suizidioen prebentziorako programan, eta ez zuela "biolentzia zantzurik".

Bestalde, espetxeko zuzendaritzak jakinarazi du hildakoaren senideei informazio guztia emango diela, baita "behar duten laguntza guztia" ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago