Lodifobiari aurre egiteko asmoz, Lodiok harro! aldarrikatuko dute larunbatean, martxoaren 4an, Gasteizen. Obesitatearen eguna denarekin "apurtzera" datozela iragarri dute antolatzaileek, "gure loditasuna, gure gorputzak, gure lortzak aldarrikatzera gatoz!".
Aurretik, Jatunaldi lodiak, ezin kabitu! antolatu zuten irailean, Gernikan, eta ekimen hari jarraipena ematea erabaki dute. "150 gorputz lodi batu ginen bertan, Euskal Herriko txoko anitzetan dauden testuinguruek bazutelako elementu komun bat: egunero bizitzen dugun Lodifobia".
Jasaten duten zapalkuntzaren aurrean, "irmo" erantzungo dutela jakinarazi dute. "Gimnasio eta dietetika zentroetan bakarrik onartzen gaituztenen aurrean, geldirik eta ixilik nahi gaituztenen aurrean harro eta ahobetez diogu: ez gara geldituko! Ez gara geldituko gero eta ahulago dagoen gure osasungintza sistema indartu eta eraldatu arte; Osakidetzak gure pisua epaitzetik at artatu egin behar gaituelako".
Azpimarratu dute ez dutela amore emango gizartean egin beharreko aldaketak eman arte: "Ez gara geldituko kapazitismoaren neurrira diseinatu den arkitektura breaking ball batekin trixko egin arte, gu ezin bagara kabitu eraikina botako dugu. Ez gara geldituko edertasuna zer den gizonen desira sexualetatik kanpo ulertu arte, ederrak direlako mitxelinak, zimurrak eta estriak. Ez gara geldituko gure gorputzak biluztean, publikoan lasai jatean edo korrika egitean penaz edo gainetik jarriz begiratzen digun begia kutxilla batekin moztu arte. Hau da, ez gara geldituko, patriarkatu kapitalista eta kolonialaren konplize den lodifobiarekin bukatu arte. Nahiko kaka jan dugu jada, gehiago ez zaigu kabitzen. Asko dagoelako borrokatzeko, goazen harrotasun loditik Gasteizko kaleak lehertu, zanpatu eta jatera".
Lodiok harro! eguneko egitaraua jatunaldiak.net webgunean jakinarazi dute. Kalejira batekin abiatuko dute eguna, "Bollerias" plazatik, 13:o0etan, eta asanblada izango dute arratsaldean, 17:00etan, Emakumeen Etxean. Ostean, 19:00etan, Warras Bizarrak taldeak joko du Aihotz plazan, eta poteoarekin jarraituko dute Aiztogile kaletik. Bad Sound Sisterrekin amaituko dute, 22:00etan, Hala Bedi tabernan.