Osakidetzak azpi-kontratatutako garbiketa zerbitzuetako langileek grebari ekin diote gaur, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta. Lanuzteak igandera arte luzatuko dira, euren lan baldintzen homologazioa eskatzeko; hau da, Euskal Osasun Zerbitzuak zuzenean kontratatutako langileen eta azpi-kontratatutako garbitzaileen lan baldintzak berdintzeko.
2.500 langile inguru eta 50 bat enpresa biltzen dituen sektoreak bost urte baino gehiago daramatza hitzarmenik gabe, eta, sindikatuen arabera, negoziazioa "erabateko blokeoan" dago. Iraungita badago ere, aplikatu beharreko hitzarmenak lan baldintzen homologazioa ezartzen du Osakidetzako langileen baldintzekiko: "Enpresak eta bezeroak, Osakidetzak, homologazio printzipioa urratzen ari dira", salatu dute sindikatuek.
Langileek, besteak beste, "karrera profesionaleko deialdietarako sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa izatea, txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko sarbidea, eta Osakidetzako langileek dagoeneko dituzten baimenak eta lizentziak izatea" exijitu dute.
Elurteari aurre eginez, Arabako mobilizazio nagusia Gasteizen izan da, Olagibeleko Osasun Zentroaren aurrean. Asteartean, berriz, 10:30ean Arabako Unibertsitate Ospitaleko Kanpo Kontsulten eraikinean izango da elkarretaratzea, Txagorritxun. Araban lehen greba eguna istilurik gabe igaro den arren, Ertzaintzak langileen protesta baten aurka kargatu du Bizkaian, Gurutzetako Ospitalean, bi langile atxilotuz, beste lau identifikatuz eta hainbat pertsona zaurituz:
Ertzaintzak Gurutzetako ospitalean kargatu du, Osakidetzako garbitzaileen protestan
— LAB enkarterri (@LABenkarterri) February 27, 2023
- 4 langile identifikatu dituzte
- 2 langile atxilotu dituzte
- Hainbat langile zauritu dituzte, eta euretako bat larrialdietara eraman behar izan dute pic.twitter.com/IVqBWC1skv