Atzoko zeru estaliek ostarteei bidea emango diete gaur, eta Eguzkia ikusi ahalko dugu. Halere, hotza mantenduko da. Hortaz, seguruenera elurrak zuritutako paisaiak dotore ikusi ahalko dira gaur. Elur kota 500-700 metrotan mantenduko da, eta abisu horia mantentzen da. Mendebaldetik egingo du ufa Eolok, eta hiriburuan tenperaturak -4 eta 8 gradu artean ibiliko dira.
Asteburuari begira, aurreikuspenek diote larunbatean eguzkia mantendu dela goizean, baina arratsaldetik aurrera gauzak berriro okertzen hasiko direla, eta igandean zehar hodeiak nagusituko direla berriro. Ohi bezala, elurtearen tamainari buruzko aurreikuspenak ez dira oso ziurrak. Euskalmetek dio igande arratsaldetik aurrera elur kota berriro jaitsiko dela, 500 metroan kokatuz. AEMETen arabera, 300 metrora iritsiko da. Astelehenean kota hori 100 metrora iritsi daiteke, eta hor espero da gogorrena. Tenperaturei dagokienez, Gasteizerako hurrenez hurren larunbat eta iganderako -5/10 eta -2/5 gradu arteko aldeak espero dira.