Aste honetan Euskaltzaindiak ateak ireki dizkie Arabako euskararen eragilei, ohar batean erakundeak ezagutzera eman duenez. Zehazki, joan den asteartean izan da hitzordua, Euskaltzaindiaren Arabako egoitza den Etxezarra erakinean.
Hain justu, eraikina bera izan da bileraren protagonista handienetako bat. Izan ere, Euskaltzaindiak eragileekin finkatutako hitzordua aprobetxatu nahi izan du egoitza aurkeztu eta eskaintzeko. "Euskararen eragileek Arabako ordezkaritza erabiltzeko aukera izango dute aurkezpen ekitaldiak, prestakuntza saioak, lan bilerak edo jardunaldiak egiteko", adierazi du erakundeak. Hala, hemendik aurrera, euskararen inguruko proiektu eta lanak abian jarri nahi dituzten eragileek formulario bat eskura izango dute, instalazioak erabili ahal izateko.
Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria aritu da anfitrioi lanetan. Eraikina aurkezteaz gain, elkarren arteko ezagutza handitu nahi izan dute bileraren bitartez. Modu berean, hitzorduaz baliatu dira iaz erakundeak izan duen jarduna azaltzeko, bai eta urte honi begira dituzten proiektuen berri emateko ere.
Askotariko eragilek parte hartu dute: kuadrilletako zenbait euskara teknikari, euskaltegiak —Udaberria, Hegoalde eta AEK—, GEU elkartea, Euskaraldia Gasteiz, Bai Euskarari Elkartea, Arabako ikastolen ordezkaritza bat, Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzua eta Udako Euskal Unibertsitatea izan dira bilkuran.
Etxezarra iraikina 2021eko amaiera inauguratu zuten, baina iazko martxora arte ez zuten jarduna abiatu. "Urte bat beteko den honetan hainbat jarduera eta lan egin dira bertan, baina helburua da, ezbairik gabe, muga hori gainditzea", adierazi dute. "Ibilbide honetan funtsezkoa izango da Arabako eragileekin harremana sortu edota indartzea".