Luis Roncero iheslaria Gasteizera itzuli da

Erredakzioa 2023ko ots. 22a, 12:30

Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko ikur berria. / Argazkia: SARE

Urtarrilean Venezuelatik itzuli zen Luis Roncero iheslari gasteiztarra, bertan hainbat urte errefuxiatuta eman ostean.

Etxerat Elkarteak jakitera eman duenez, azken hilabeteetan beste bi iheslari itzuli dira Euskal Herrira: horietako bat Luis Elisardo Roncero Retortillo gasteiztarra da, eta urtarrilean bueltatu zen Venezuelatik; horrez gain, Anartz Aranbarri Etxaniz ondarrutarra aske geratu zen atzo, Venezuelatik iristean Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatu ondoren.

Luis Roncero 1998ko martxoan atxilotu zuen Guardia Zibilak, ETAko Araba Komandoaren aurkako operazio batean. 1999an, ETAren su-etenaren garaian, aske geratu zen epaiketaren zain zegoen bitartean. 2001ean, Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan, Fiskaltzak 9 urteko espetxe zigorra eskatu zuen berarentzat, talde armatuko kide izatea egotzita. Ustez, testuinguru horretan ihes egin zuen, 2023. urtearen hasieran Gasteizera itzuli den arte.

Erbesteratuen eta deportatuen itzulera da euskal gatazkan oraindik konpondu gabe dagoen gaietako bat. Duela hamarkada bat, 2013an, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Biarritzeko Adierazpena plazaratu zuen, etxeratzea gatazkaren konponbiderako ekarpen gisa kokatuz. Euskal preso, iheslari eta deportatuen senideak biltzen dituen elkarteak salatu duenez, une honetan oraindik 18 erbesteratu eta 5 deportatu daude Euskal Herritik kanpo. Nolanahi ere, azken albistea ospatu du Etxeratek: "Ongi etorriak! Bi gutxiago!".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago