Pirinioetan hiru mendizale arabar erreskatatu ditu Guardia Zibilak

Erredakzioa 2023ko ots. 20a, 09:00

Guardia Zibilaren erreskate taldea lanean. / Argazkia: @PirineosMFF

Guardia Zibilaren mendi-erreskaterako taldeek Huescan elur-jausi baten ondorioz harrapatuta gelditu diren bi gasteiztar eta Hiru Erregeen Mahaian haustura irekia egin duen beste mendizale bat erreskatatu dituzte.

Asteburu korapilatsua izan da Arabako mendizaleentzat, baina, zorionez, amaiera zoriontsuarekin. Izan ere, Guardia Zibilak hiru pertsona erreskatatu behar izan zituen larunbat honetan Pirinioetan: horietako bi Huescan eta beste bat Nafarroan.

Alde batetik, larunbateko 12:30ak aldera, Guardia Zibilak elur-jausi baten ondorioz erdi harrapatuta gelditu ziren bi mendizaleren abisua jaso zuen; Huescan gertatu zen lehenengo ezbehar hori, Lizara aterpearen eta Estanes iboiaren artean. 37 urteko emakumezko bat eta 49 urteko gizonezko bat, biak gasteiztarrak, helikopteroz erreskatatu zituzten, Candanchura eta handik Jakako ospitalera eramateko.

Handik gutxira, 15:30ak aldera, Nafarroa eta Huescako larrialdi zerbitzuek 40 urteko mendizale arabar bat zaurituta zegoela jakin zuten. Hiru Erregeen Mahaitik jaisten ari zela, haustura irekia egin zuen. Jakako GREIM adituak, Huescako aire unitatea eta 061eko mediku bat mobilizatu ziren, eta Huescako San Jorge Ospitalera eraman zuten zauritua; Frantziako larrialdi zerbitzuek ere erreskate lanetan parte hartu zuten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago