200 euroko laguntza eskatzeko gunea prestatu du Aldundiak

Erredakzioa 2023ko ots. 15a, 16:50

Arg: Pixabay

Eskaera otsailaren 15etik martxoaren 31ra bitartean egin ahal izango da

Arabako Aldundiak inprimaki bat gaitu du bere web orrian diru sarrera eta ondare gutxiko pertsonentzako 200 euroko laguntza eskatzeko. Laguntza hori lotuta dago Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko neurrien artean. Eskaera otsailaren 15etik martxoaren 31ra bitartean egin ahal izango da.

Onuradun izan ahalko dira 2022an soldatapekoak izan diren edota beren kontura jarduera ekonomikoren bat egin duten pertsona fisikoak, baldin eta dagokion Gizarte Segurantzako araubidean edo mutualitate araubidean alta emanda badaude, edo langabezia prestazio edo subsidio baten onuradun izan badira.

Laguntza hori jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira: ohiko bizilekua Araban izatea; eskatzaileak, eta haren ezkontideak edo izatezko bikotekideak, eta helbide berean bizi diren ahaideek 2022an jasotako diru sarreren batura urtean 27.000 eurotik beherakoa izatea, eta, gainera, pertsona horien guztien ondarearen batura urtean 75.000 eurotik beherakoa izatea 2022ko abenduaren 31n, ohiko etxebizitza kontuan hartu gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago