Gasteizko udal aldizkariak jaso zuenez, "zeru garbi eta urdinak" lagundu zuen efemeridea. Inaugurazio ekitaldian izan ziren, besteak beste, Garraio eta Komunikazioetako Sanchez Tera ministroarekin batera, garai hartako Euskal Kontseiluko Presidentea, Carlos Garaikoetxea, eta Gasteizko alkatea, Jose Angel Cuerda.
Forondako aireportua eraikitzeko 2.500 milioi pezetako inbertsioa egin zuen Arabako Foru Aldundiak, eta inaugurazio ekitaldian bertan foru administrazioak estatuari entregatu zion aireportua, eta honek 2.500 milioi pezeta gehiago inbertituko zituela agindu zuen.
1975ean hasi ziren lehen obrak baliza-sistemak, argiak eta bestelako hornidura lanak antolatzeko. Lurreratzeko pistak 3.500 metroko luzera zituen eta 45 metroko zabalera. Hormigoi hidraulikoan eraikia zegoen, errodadurako beste pista paralelo batekin lotuta, eta hiru hegazkin har zitzakeen, DC-9 motakoak. Aireportuaren pistak Foronda, Antezana, Arangiz, Gereñu, Lopida, Mendiguren eta Estarrona herrietako lurrak okupatu zituen; eta Otaza herria zuzenean eraitsi zuten, 1979an, kontrol-dorrea bertan egiteko.
Charter hegaldiak 1980ko martxoaren 2an hasi ziren eta hegaldi arruntak apirilaren 6an. 250.000 bidaiarik erabili zuten Foronda-Gasteizko aireportua bere lehen urtean, eta hegazkinen batez besteko okupazioa %50ekoa izan zen.Gasteiz-Malaga, Gasteiz-Madril eta Gasteiz-Bartzelona izan ziren eskaera gehien izan zuten hegaldiek.