Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen atarian gaude jada, eta EAJk kanpainara begirako makineria martxan jartzeko mugimenduei ekin die. Horietako bat Gasteizko alkategai jeltzalea izango den Beatriz Artolazabalen kargua betetzea izan da: astelehen honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak Nerea Melgosa zinegotzi ohia aukeratu du Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu izateko.
Saileko aholkulari izan da Melgosa azken bi urteetan, baina aurretik ere gizarte politiken arloan aritua da 1970ean jaiotako 53 urteko gasteiztarra. EAJko kidea 90. hamarkadatik, Gasteizko Udaleko zinegotzi izan da 12 urtez (2007-2019), bai eta Arabako Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria ere (2019-2020). Gainera, Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) kide izan da azken urteetan, gizarte gaien ardura hartuta.
Gasteizko Olabide ikastolan ikasi zuen eta euskal hiztuna da. Bestalde, Deustuko Unibertsitatean Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna da, eta giza baliabideen inguruko masterra egin zuen EADA Negozio Eskolan.
Kargu berria astearte honetan, otsailaren 14an, hartuko du sailburu berriak, Artolazabalek kargua uztearekin batera. Ajuria Enean egingo du kargu-hartzea, eta ondoren prentsaurreko bat eskainiko du, lehendakariarekin eta beste sailburuekin batera Eusko Jaurlaritzaren gobernu bileran parte hartu aurretik.