Duela 49 urteko kutsadura erradioaktiboa atzeman dute Garoñan

Erredakzioa 2023ko otsailaren 9a

Iazko abenduaren 5ean jabetu ziren kutsaduraz, baina atzo ezagutarazi da. ALEA

Bi langileren arropan kutsadura aurkitu zuten joan den abenduan. Erradioisotopoen jatorria 1974an egindako hondakinen mugimendu batean egon daitekeela proposatu du CSNko ikuskatzaileak.

Santa Maria de Garoñako zentral nuklearrean jarduten duen CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko ikuskatzaileak kobalto-60, zesio-127 eta amerizio-241 isotopoak aurkitu ditu Garoñako hustubide bateko lokatzetan, ALEAk jakin duenez.

Iazko abenduaren 5ean jabetu ziren kutsaduraz, atzo argitaratutako ikuskapen akta batean jasotakoaren arabera. Egun horretan, aldageletan bi langileri kutsadura atzeman zitzaien. Horietako batek oinetakoetan zeukan kutsadura. Besteak, oinetakoetan, praketan eta kamisetan. Ondoren beste azterketa bat egin zieten, eta egiaztatu zuten kutsadura ez zela gorputzera iritsi, azalean ez baitzitzaien erradioisotopoen aztarnarik aurkitu.

Langile horiek hondakinen andel batean zegoen xukatzeko ponpa desmuntatzen ibilitakoak zirenez gero, CSNko ikuskatzaileak ponpa horretako hustubidean zeuden lokatzetan neurketa erradiologikoa egin zuen, eta Co-60, Cs-127 eta Am-241 erradioisotopoak atzeman zituen. "Titularraren erregistroen arabera, patroi erradiologiko hori 1974-1978 urte tartean sortutakoekin bat dator", idatzi du ikuskatzaileak.

Nuclenorren erregistroetan arakatuta ikuskatzailea konturatu da 1974an andel hori erabili izan zutela hondakinak mugitzeko. Hustubide hori drainatu daitekeenez, puntu horretarik Ebro ibaira doazen estoldak neurtu dituzte, kutsadura aztarnen bila, baina ez dituzte aurkitu. Ikuskatzaileak dio teorian hustubide horretan bildutako urak Ebro ibaira askatu daitezkeela, baina, horretarako, baimen bat behar dela, eta ez dagoela horrelako baimen baten erregistrorik. Erantsi du 2010 urtetik aurrera estolden gaineko kontrol erradiologikoa egiten dela urtean behin. Estoldan ez dutenez erradiaziorik aurkitu, ikuskatzaileak alboratu du kutsatutako ura Ebro ibaira askatu izana.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago