Kokaina bidalketa bat atzeman dute Forondako aireportuan

Erredakzioa 2023ko otsailaren 8a

Kokaina etxeko erabilerarako substantzietan urtuta zegoen. / Argazkia: @Palencia_Gob

Guardia Zibilak pertsona bat atxilotu du Palentzian, Brasildik Forondako aireportura posta bidez iritsitako droga bidalketa baten hartzailea izatea egotzita.

Guardia Zibilaren eta Aduanak Zaintzeko Zerbitzuaren elkarlaneko operazio batean pertsona bat atxilotu dute Villamuriel de Cerraton (Palentzia), droga trafikoa egotzita. Operazioa urtarrilaren 26an jarri zen martxan, Forondako aireportuan (Gasteiz) substantzia estupefazienteak ezkutatzeko moduko posta bidalketa bat atzeman zutenean.

Paketearen helmuga Palentzia zen, eta, ikerketaren barruan, bidalketa Brasildik iritsi zela jakin ahal izan zuten. Dagozkion egiaztapenak egin ondoren, kokaina gisa identifikatu zuten barruko substantzia; guztira, etxeko erabilerarako substantzietan urtutako sei kilogramo kokaina gordin atzeman zituzten.

Ondoren, Guardia Zibilak eta Aduana Zaintzako Zerbitzuak bidalketa jaso behar zuen pertsona identifikatzea lortu zuten: Villamuriel de Cerrato udalerriko bizilagun bat zen. Azkenik, epailearen baimenarekin, urtarrilaren 30ean atxilotu zuten ustezko droga hartzailea, eta epailearen esku utzi zuten, droga trafikoko ustezko delitu bat egotzita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago