Gasteizko familiek baliabide berri bat dute jada 10 urte baino gutxiagoko haurren artean euskararen erabilera sustatzeko. Izan ere, ikasgelan, kalean eta etxean euskararen presentzia areagotzeko aholkuak, baliabideak eta jardunbide egokiak biltzen dituen Gurasoentzako Gida argitaratu dute Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak.
Otsailean zehar, 15.000 ale banatuko dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen artean; horietatik 10.500 hiriburuan, Gasteizen. Gainera, materiala online deskargatu eta kontsultatzeko aukera dago ere. Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu dute, eta egunerokoan euskara erabiltzera, euskarazko abestiekin jolastera, beste familiekiko elkarrizketetan euskara erabiltzera, etxean euskararen presentzia zaintzera eta familiek aurkitu ohi dituzten hainbat arazori irtenbideak eskaintzera gonbidatzen du.
Ekarpenak eta aholkularitza
Joan den ostegunean, Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik eta Euskara eta Gobernu Irekiaren foru zuzendari Lexuri Ugartek aurkeztu zuten ekimena.
"Gasteiz eta Araba euskalduntzea eta euskaldunen datuak etengabe hobetzea hainbat faktoreren ondorio dira. Horren adibide da hezkuntzaren esparruan egiten ari den ahalegina, baina ezin dugu ahaztu familien lana eta beste sektore batzuena, hala nola kultura, aisialdia eta kirola", azpimarratu du zinegotziak. "Eta, hain zuzen ere, gida honen bidez lortu nahi duguna da seme-alaben euskararen erabileran lagundu nahi duten gurasoei laguntza eskaintzea, seme-alabei hizkuntza bat ez ezik, euskarak eskaintzen digun kultura eta bizitzeko modua transmititu nahi baitiete".
"Arabako biztanleri gehiena Gasteizen erroldatuta badago ere, ezin ditzakegu alde batera utzi lurraldeko gainontzeko eskualde eta bailaretan dauden ikastetxeak, urterik urte ikasle berriak hartzen dituztenak", aldarrikatu du Ugartek, guraso taldeek planteatutako behar bati erantzuteko ekimena izan dela azalduz. Izan ere, familien ekarpenak jaso dituzte materiala egiteko, baita GEU Elkartearen, Ebeteren eta Euskarabaren aholkularitza profesional eta teknikoa ere.