Arabako nekazaritza lur aberatsenak, proiektu fotovoltaikoen mehatxupean

Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 11:00

Lurralde Plan Sektorial berria 2021ean aurkeztu behar zuen Jaurlaritzak. / Argazkia: PIXABAY

Aldundiaren txosten baten arabera, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak lurraldeko lurzoru emankorrenak aurreikusi ditu eguzki-plakak jartzeko. Hain produktiboak ez diren nekazaritza eremuak bilatzea eskatu du foru erakundeak.

SER Vitoria irratiak ezagutzera emandako Aldundiaren txosten batek (duela ia urtebetekoa) ohartarazi du Arabako nekazaritza lurzoru aberatsenei eta produktiboenei mehatxu egiten diela Eusko Jaurlaritzak sustatutako Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Izan ere, Ekonomiaren Garapenerako Saila energia berriztagarriak planifikatzeko lantzen ari den proiektuak bertan aurreikusi ditu eguzki-parkeak jartzeko kokapen gehienak.

Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak Eusko Jaurlaritzaren hasierako plana aztertu du, Arabako eta EAEko erakundeen mapak gurutzatuz, eta ondorioak argiak dira: parke fotovoltaikoak ezartzeko "baztertu gabeko" eremuak bat datoz "oro har" Arabako nekazaritza lurzoru produktiboenekin; lur horiek "Balio Estrategiko Handia eta Trantsizioko Landa Paisaia" gisa sailkatuta daude ofizialki.

Besteak beste, Arabako hegoaldeko mahastiak eta patata, erremolatxa eta olio-laboreekin txandakatutako neguko zereal lursailak dira nagusi. "Jarduera horiek guztiak bateraezinak dira beste edozein erabilerarekin", azpimarratu dute Aldundiko teknikariek.

Alternatibak

Horren aurrean, Aldundiaren txostenak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio nekazaritza eta abeltzaintza jarduerarako "lur baliotsuenak eta produktiboenak saihesten saiatzea, nahiz eta horrek sare elektrikoetatik aldentzea suposatu". Halaber, biomasa instalazioak abandonatutako industria azpiegitura zaharretan jartzea proposatzen du Arabako erakundeak.

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial berria 2021ean aurkeztu behar zuen Eusko Jaurlaritzak, baina dagoeneko atzeratuta doa. Aurreikuspenen arabera, 2024an martxan izatea espero dute, baina oraingoz ez dago data finkorik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago