Bizikleta sustatuko dute 'Araba bizikletaz' programarekin

Erredakzioa 2023ko urt. 27a, 14:32
Igandean hasiko da kanpaina, Agurainen. / ALEA

Lehenengo jardunaldia hilaren 29an izango da, igandean, Agurainen; gymkana, mekanika tailerra eta haur txokoa izango dira, besteak beste.

Arabako herritarren artean bizikletaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Aldundiak kanpaina ibiltari bat egingo du datozen asteetan. Garraiobide "jasangarri eta osasungarri" gisa, lantokietara eta ikasketetara ibilbide laburreko joan-etorriak egitea proposatuko dute; igandean hasiko da ekimena, Agurainen, eta Arabako kuadrilla guztiak zeharkatuko ditu.

Sei ekitaldi egingo dira, bat kuadrilla bakoitzeko, jarduera programa batekin. Gymkana, mekanika tailerra, haur txokoa edo bizikleta elektrikoarekin proba egiteko aukera izango dira hauetan. Halaber, txirrindularien eta gidarien segurtasun arauei eta Arabako Bizikleta Bideen Sarearen proiektuari buruzko informazioa emango dute.

Hilaren 29an hasiko da kanpaina, Agurainen (udal kiroldegia). Murgiara otsailaren 5ean (Jai Alai, pilotaleku zaharra) helduko da. Laudion otsailaren 12an (Aldai plaza), Langraiz Okan otsailaren 19an (Jose Miguel Barandiaran Eskola) eta Kanpezun otsailaren 26an (Udal pilotalekua). Martxoaren 5ean Oionera helduko da (Plaza Nagusia). Ekitaldi guztiak igandean izango dira, 10:00etatik 14:00etara, leku estalietan.

Jarduera programa

Programan parte hartzen duten pertsonek, lehenik eta behin, gymkana espazio bat aurkituko dute, non haurrek ibilbide txiki bat gainditu beharko duten bizikletaz, helburua izanik trebetasuna probatu eta bi gurpilen gainean segurtasunez ibiltzeko gaitasunak hobetzea. Era berean, haurrek txoko berezi bat izango dute beren sormena askatzeko, bizikletaren munduarekin lotutako marrazkiekin.

Hirugarren gunea tailerra izango da. Mekanikari espezialista batek bizikletaren puntu garrantzitsuenak behar bezala mantentzeko oinarrizko nozioak eskainiko ditu goizean zehar, eta bizikleta aldean daramatenei bizikleta horren oinarrizko azterketa egiteko aukera emango die.

Beste espazio batean bizikleta elektriko bat egongo da, nahi duten pertsonek bizikleta mota hori probatu ahal izan dezaten eta, horrela, lehen pertsonan ezagutu ahal izan dezaten ibilgailu mota horrek ibilbide laburreko joan-etorrietarako eskaintzen dituen aukera handiak eta erabiltzeko erraztasuna.

Azkenik, laugarren espazio batean formatu handiko panelen erakusketa txiki bat egingo da, bertaratuei segurtasun arauak eta aholkuak erakusteko, bai eta bizikletan ibiltzearen abantailei buruzko informazioa emateko ere: txirrindularientzako arauak, gidarientzako arauak, bizikletari onaren dekalogoa, bizikletaz mugitzeak ingurumenerako eta osasunerako dituen onurak, eta bizikleta elektrikoari buruzko informazioa.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide