Neguan ere euskara ikasteko ikastaroak eskainiko ditu Gasteizko IKAk

Erredakzioa 2023ko urtarrilaren 30a

Eskaintza zabala egingo du otsailetik aurrera; online-ikastaroak, eguneroko eskolak eta trinkotasun txikiagokoak izango dira, besteak beste.

Urte berria hastearekin, jende askok izaten du egitasmo berriak martxan jartzeko asmoa. Ez da garai txarra, beraz, euskara ikasten hasteko, euskara ikasten jarraitzeko edota aspaldi utzitakoari heltzeko. Bada, oinarri-oinarrizko mailetatik hasi eta C1 mailara arteko ikastaroetan matrikulatzeko aukera eskaintzen du Gasteizko IKAk, otsailaren 21etik aurrera hasiko diren ikastaroetan.

Azken urteotan, gero eta jende gehiagok erabiltzen du euskara geure hirian, eta azken kale-inkestek adierazten dute Euskal Herriko hiriburuetan bigarrena dela Gasteiz euskararen erabilerari dagokionez; nabarmena eta poztekoa da hori. Horrek ez du esan nahi, ordea, egoera nahi genukeen bezain ona denik. Izan ere, gasteiztarren erdiek ez dute euskararik ulertzen, eta asko dira ulertu bai baina hitz egitera ausartzen ez direnak ere. 

Ezagutzaren eta erabileraren hutsune horietan eragin nahian, bada, bere hondar-aletxoa jarri nahi du beste behin Gasteizko IKAk. Hala, zinez zabala da otsailetik aurrera ere egingo duen ikastaro-eskaintza, zure premia eta interesetara egokitua: eguneroko eskolak (egunean 2, 3 edo 5 ordu), trinkotasun txikiagokoak (astean 2 edo 3 egun), online-ikastaroak… Den-denak, ordutegi-aukera zabalean.

Informazio zehatzagoa aurkituko duzu gasteiz.ikaeuskaltegiak.eus webgunean, eta, zeure neurriko ikastaroren bat topatuz gero, webgunean bertan egin dezakezu matrikula. Edo, nahiago baduzu, zabalik izango dituzu IKAren bulegoetako ateak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago