Arabako suhiltzaileak sutan daude eta kalera doaz

Erredakzioa 2023ko urt. 27a, 10:00
Suhiltzaileen agerraldia Aldundiaren egoitzaren aurrean. / Argazkia: ELA

Lan hitzarmen zein EPE propioak exijitzeko mobilizazioak abiatu dituzte Arabako suhiltzaileek, zerbitzuaren egoera eta lan baldintzak salatuz. Hilabete bakoitzeko bigarren eta laugarren ostegunetan aterako dira kalera.

Arabako Foru Suhiltzaileen langile batzordeak agerraldia egin dute ostegun honetan Gasteizko Probintzia plazan, Aldundiaren egoitzaren aurrean, zerbitzuaren egoera eta lan baldintzak salatzeko, baita horren aurrean mobilizazioei ekingo dietela iragartzeko: hilabete bakoitzeko bigarren eta laugarren ostegunetan izango dira, "jakinda aurrerapausorik eta jarrera aldaketarik ezean agian urrats berriak eman" beharko dituztela.

Izan ere, 2023an sei urte beteko dituzte zerbitzuan, eta lan hitzarmen propiorik gabe jarraitzen dute. "Borondate faltak eta zuzendaritzatik negoziazioei jarritako oztopoek bultzatuta, gaur egun geldirik eta hitzarmenik gabe gaude", kritikatu dute.

Hori gutxi balitz, azken bi hilabeteetan, erakundeko hiru ofizialordek eta ikuskatzaileorde batek, hau da, zerbitzuko arduradunen %40k, dimisioa eman dute. "Egoera ezohiko eta kezkagarri hori ez da garrantzizkoa izan zuzendaritzarentzat", deitoratu dute suhiltzaileek.

Gainera, salatu dute egungo zuzendaritzak ez duela bete hirugarren EPE propio bat egiteko konpromisoa, hautaketa prozesua Arkautiko Akademiaren esku utziz eta Gipuzkoako Aldundiarekin batera eginez. Prozesu horretan hainbat irregulartasun salatu dituzte azken hilabeteetan.

"Zuzendaritzak lortu du bi langile talde boluntariok beren lana etetea gainerako langileentzako barne prestakuntza bat prestatzeko. Lekualdatze lehiaketa bat egin du, azkar eta korrika, akats jarraituekin. Barne prozesu bat egin du ofizialordeen poltsa bat sortzeko, eta poltsa hori iluna eta arraroa izan da; eta hainbat kalteturi ez diete behar bezala erantzun eskatutako azalpenei", gaineratu dute.

Azkenik, salatu dute zuzendaritzak "beren borondatearen aurka dauden pertsonak nahitaez Dotazio Buru gisa jardun behar izatera behartzen" dituela, "gehienetan antolaketa eta aurreikuspen faltagatik".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide