Koronabirusa

Maskarak otsailaren 8an utziko dio derrigorrezkoa izateari garraio publikoan

Erredakzioa 2023ko urt. 27a, 09:00

Emakume bat maskararekin, autobusaren zain. / Argazkia: PIXABAY

Pandemiatik geratzen den azken neurrietako bat da maskararen derrigorrezko erabilera garraio publikoan. Bi aste barru desagertuko da, 2020ko maiatzaren 4tik indarrean izan ostean. Osasun zentroetan, egoitzetan eta botiketan mantenduko da.

Ofiziala da: otsailaren 7an, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak garraio publikoan maskara eramateko derrigortasunaren amaiera ekarriko duen dekretua onartuko du. Neurria hurrengo egunean, hilaren 8an, sartuko da indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzen denean.

Hortaz, 12 egun barru musukoa derrigorrezkoa izateari utziko dio autobusetan, trenetan, metroetan eta taxietan, baina "gomendagarria" izaten jarraituko du. Gainera, osasun zentroetan, adinekoen egoitzetan eta farmazietan mantenduko da oraindik ere.

Duela ia hiru urte ezarri zen neurria garraio publikoan, 2020ko maiatzaren 4an, pandemiaren lehen olatuan. Hala ere, denbora horretan Espainiako Gobernuaren aholkularitzan aritu diren adituen ustez, egoera epidemiologikoa "oso egonkorra" da une honetan. Ez Gabonetako oporrek ez Txinako Covid Zero politikaren amaierak ez dute kutsatzeen zein ospitaleratzeen gorakadarik eragin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago