Gizon bat atxilotu dute Miranda Ebron, bonba-gutunak bidaltzea egotzita

Erredakzioa 2023ko urt. 25a, 12:00
Miranda Ebro, Burgosko udalerria. / Argazkia: ZARATEMAN

74 urteko gizonezkoa Gasteizko Udaleko funtzionario ohia da. Pedro Sanchezi, Ukrainako enbaxadari eta beste hainbati lehergaiak zeramatzaten gutunak bidaltzea egotzita atxilotu du Espainiako Poliziak.

Miranda de Ebroko (Burgos) 74 urteko gizon jubilatu bat atxilotu dute azken orduetan, besteak beste, Espainiako Gobernuko Presidentetzara, Ukrainak Madrilen duen enbaxadara eta Defentsa Ministeriora 2022ko azaroan sei bonba-gutun bidaltzea egotzita.

Hainbat iturriren arabera, atxilotuak Gasteizko Udaleko funtzionario gisa lan egin zuen. Gaur egun, bakarrik bizi zen Miranda Ebron. Oraingoz, ez zaio inolako atxikipen politikorik egotzi, eta, lehen hipotesien arabera, bakarrik jardun zuen. Azken egunetan, The New York Times egunkarian, AEBetako zerbitzu sekretuen inguruko iturri batzuek Errusiako talde ultraeskuindarrekin lotu dituzte erasoak; polizia operazio hau, berriz, ez dator bat teoria horrekin.

Espainiako Poliziak egin du atxiloketa, eta ostiralean deklaratuko du Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 4. Epaitegi Zentralean. Epaileak terrorismo delitu gisa ikertzen ari da auzia.

Antza denez, bonba-gutunen lehergaia oso oinarrizkoa zen: funtsean petardo-bolbora eta piroteknia, detonazioa eragiteko gailu txiki batekin prentsatuta. Batzuek errodamenduak eta torloju txikiak zeramatzaten metraila gisa. Pakete horietako bat, Torrejon de Ardozeko Aire Baseko Europako Batasuneko Sateliteen Zentrora bidalitakoa, ez zen lehertu, eta bertatik DNA atera ahal izan zuten.

Ondoren, DNA datu-basean erregistratu gabe zegoenez, paketeak banatu ziren posta-bulegoetako kameren irudiak jaso zituzten, ibilbidea berreraikitzeko asmoz. Azkenik, erabilitako gutun-azalak saltzen zituen enpresa aurkitzea lortu zuen Espainiako Poliziak, erosleetako bat Burgos probintzian bizi zela egiaztatuz. Ustezko egilearengana iristeko funtsezko beste pista erabilitako zigiluak izan ziren, bulego gutxi batzuetan banatutako edizio mugatu batekoak baitziren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide