KUKULAISI

Ohiko aisialdiaz haragoko berrikuntza

Erredakzioa 2023ko urt. 23a, 13:36

Ohiko aisialdia lantzeaz gain, berrikuntzan sakondu nahi dute. KUKULAISI

Kukulaisik antolatuta, larunbatean egingo dituzte Ermuan Hezitzaileentzako bigarren jardunaldiak. Besteak beste, GEU elkarteak parte hartuko du.  

Aisialdia eta euskara bultzatzen dituzten hainbat elkartek orain artekoak jorratu eta etorkizunari begirako estrategiak marraztuko dituzte hilaren 28an Ermuan egingo diren Hezitzaileentzako bigarren jardunaldietan.

"Balio eta izaera komunak" dituzten Euskaltzaleen Topaguneko aisialdiko hamasei elkarte dira horiek, eta urteetako esperientzia metatu dute. Azken helburua dute "nazio mailako aisialdi proiektu hezitzaile eta euskaldun" bat osatzea, "herriz herriko lana oinarri izanda" eta "elkarrekin saretuz".

Azaldu dutenez, aisialdi tradizionaletik abiatutako elkarteak izanik ere, aisialdian sakontzeko berrikuntzan sakondu nahi dute, aisialdi euskalduna taxuz indartzeko. Nabarmendu dutenez, bide hori urratzeko kirola eta aisialdi digitala ditu Kukulaisik lan ildo estrategikotzat. 

Goizean hizkuntza aniztasuna eta euskararen erabilera zein hizkuntza gatazkak landuko dituzte, eta arratsaldean harreman afektiboak eta botere harremanak jorratuko dituzte. 

"Kukulaisi proiektu gaztea da, baina euskararen biziberritze prozesuan aisialditik modu saretuan eta berritzailean eragiteko bokazioz indartzen ari da", azpimarratu du June Furundarena Kukulaisi Aisialdirako Topagunea elkartearen zuzendariak.

2021ean sortu zen Kukulaisi, eta, egun, hamasei bazkide ditu: Txatxilipurdi, Jardun, Elgoibarko Izarra, Geu, Karrikaluze, Noaua, Dobera, Hitzaro, Bizarra Lepoan, Berbaro, Berbaizu, TTakun, Pil-pilean eta Euskarabentura.
 
Izena emateko aukera martxan ipini dute dagoeneko, lotura honen bidez. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago