⛅ EGURALDIA

Ez ba, ez du guztiz joan nahi

Erredakzioa 2023ko urt. 23a, 08:23

Abisu horia mantentzen da gaur zein biharko, tenperatura baxuak eta elurra egiteko arriskua direla-eta. Izatekotan, elur gutxi espero da, baina izotzarekin tentuz ibili beharko da.

Elurrak ez du guztiz desagertu nahi, eta, indar gutxiagorekin bada ere, gurera itzuliko da. Euskalmetek abisu horia mantendu du gaur zein biharko, elurra eta izotzagatik. Kota 400-500 metrotan egongo da, baina 300 metrora jaitsi daiteke. Izatekotan, elur txikia egingo duela dio euskal meteorologia agentziak: 600 metrora 0 eta 8 zentimetro arteko lodiera kalkulatu dute. Gainerakoan, zerua hodeitsu mantenduko da, eta iparraldeko haizeak gogor jo dezake. AEMETek -1 eta 3 gradu arteko aldea espero du Gasteizen.

Biharko, antzeko menua prestatu digute zerutik. Zeru hodeitsuak eta noizean behin elur txikia egoteko aukera, ipar haize zakarraz lagundura. Termometroan -1 eta 2 gradu artean baino ez da mugituko galinstanoa, izozten ez bada bederen. Abisu horia bere horretan dago astearterako ere, eta izotzarekin kontu handiz ibili beharko da, aldapetan ipurdia gorritzea nahi ez bada.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago