"Ia ezinezkotzat" jo dute elur jausitik bizirik ateratzea

Erredakzioa 2023ko urt. 20a, 17:30
Fitz Roy mendia errepidetik ikusita, Santa Cruz probintzia, Argentina. / Argazkia: Nestor Gallina

Amaia Agirre eta Iker Bilbao mendizaleak Argentinako Patagoniako Fitz Roy mendian desagertu dira, elur jausi batek harrapatuta. Erreskate lanetan ari direnek uste dute ia ez dagoela bizirik ateratzeko aukerarik, eta El Chalten hiriko Poliziak dagoeneko hiltzat eman ditu mendizaleak.

Patagoniako Fitz Roy mendian desagertutako euskal mendizaleen bilaketaren ardura izan duten taldeek esperantza galdu dute, eta, jasotako irudi eta testigantzetan oinarrituta, erabaki dute erreskate talderik ez bidaltzea. "Ikusi ditugun irudiengatik, eta igaro den denboragatik, ez dugu uste bizirik egoteko aukera dagoenik", adierazi diote ALEAri. Kordadan zihoan eta bizirik ateratzea lortu duen mendizaleak halako elur jausi batetik ateratzea "ezinezkoa" dela esan die erreskate taldekoei. Hiriko agintarien artean ere esperantza gutxi daude dagoeneko. Kasurako, El Chalten hiriko Poliziak hiltzat eman ditu Agirre eta Bilbao.

"Esperantza, noski, ez da inoiz galtzen, baina oso leku urruna da, eta oso teknikoa", esana zuten ostiral gauean erreskate taldetik, artean mendizaleak bizirik aurkitzeko zirrikitua irekita zegoenean. Istripuaren eremuan zeuden mendizaleak itzultzeko zain egon dira, hartutako irudiak aztertu eta erabaki bat hartzeko. "Baina horiek itzuli arte ez dugu jende gehiagorik bidaliko, arrisku biziko eremua delako".

Amaia Agirre eta Iker Bilbao Patagonian izandako mendi istripu baten ondorioz desagertu dira Fitz Roy mendian (3.405 metro). Antza denez, mendira igo ostean jaisten ari ziren, eta glaziarrean gertatutako elur jausi batek harrapatu egin ditu.

Desagertutako bi eskalatzaileekin batera beste kide bat zegoen (bizkaitarra, Igorrekoa), soka batekin lotuta. Beste biak desagertu diren bitartean, hirugarren kideak bizirik ateratzea lortu du, eta El Chalten herrira jaitsi ahal izan da abisua emateko.

Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioak istripua baieztatu du, baita Buenos Airesen zein Bahia Blancan dituen ordezkariak dagozkion kudeaketak egiten ari direla ere. Era berean, jakitera eman dute erreskaterako baldintza meteorologiko txarrak daudela Argentina eta Txile arteko mugan kokatuta dagoen inguru horretan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide