Elurrak ez du guztiz joaterik nahi, baina altitude garaietan baino ez da geratuko. Lehen orduetan 800 metrotara jaitsiko da kota, baina pixkanaka prezipitazioek gutxira egingo dute eta kota igoko da, eta arratsalde lasaia geratuko dela iragarri du Euskalmetek. Goizean gogotsu ariko den iparraldeko haizeak ere indarra galduko du. Zeruari dagokionez, tarteka hodeitsu geratuko da arratsalderako, eta tenperaturak 0 eta 7 gradu artekoak izango dira Gasteizen.
Asteburuan ez da prezipitazio askorik espero, baina bai hotza eta izotza. Elurragatiko abisu horia bere horretan mantendu da biharko, eta izotzagatikoa ezarri dute ere. Larunbatean oso hodeitsu egongo da goizean, baina biharkoan ere garbitzera joko du. Haizeak ere bezperaren portaera berdina izango du. Elur kota 600 metrora jaitsiko da gehienez. Igandean ere hodeiak izango ditugu, eta izotza sortuko da seguruenera: AEMETen arabera -3 gradura jaitsi daiteke termometroa asteburuan, eta maximoak ez dira 5-6 gradutik pasako.