Esku-hartze sozialaren sektoreak hitzarmen berria izango du

Erredakzioa 2023ko urtarrilaren 18a

Langileen elkarretaratzea PRECOren aurrean. / Argazkia: LAB

Urte eta erdiko negoziazioen ostean, ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek astelehenean sinatuko dute Arabako Esku-hartze Sozialeko hitzarmena. Soldata igoera, KPIaren eguneratzea eta lanaldiaren murrizketa lortu dituzte, besteak beste.

Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreak hitzarmen berria izango du astelehenetik aurrera, urte eta erdiko negoziazio korapilatsuei amaiera emanez. Denbora horretan, 35 negoziazio mahai, mobilizazio ugari eta lau greba egin dira. Udan aurreakordioa lortu zen, eta orduz geroztik hainbat bilera izan dira akordioa ixteko asmoz.

Azkenik, "hobekuntza garrantzitsuak" lortuta, aurrera egitea eta AISA patronalarekin sektoreko hirugarren hitzarmena sinatzea erabaki dute sektorean ordezkaritza duten ELA (%54), LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek. Astelehenean, urtarrilaren 23an, 12:30ean izango da sinadura, Gasteizko LHKn. Hitzarmenak 2021 eta 2024 urteen arteko aldiari eragingo dio, eta honako hobekuntzak jasotzen ditu:

  • %12,9ko soldata igoerak, hitzarmena indarrean dagoen bitartean.
  • KPIa eguneratzea hitzarmena amaitzean.
  • 30 orduko lanaldi murrizketa 2024ra arte, urteko orduetan funtzionarioekin parekatuz.
  • Hiru opor egun gehiago hitzarmena indarrean dagoen bitartean.
  • Antzinatasun plusaren igoera.
  • Igandeko plusen eta gaueko plusen arteko bateragarritasuna.
  • Lanaldi murrizketak astean, hilean edo urtean metatzeko aukera.
  • Adingabeak edo mendeko senitartekoak zaintzeko eszedentziengatiko lanpostu erreserbak bi urtera luzatzea.
  • Beste hobekuntza batzuk kontziliazioan, lizentzietan eta baimenetan.

Balorazioak

"Hitzarmenak aurrerapauso handiak ekarriko dizkie sektore feminizatu horretako 1.000 langile baino gehiagori, erosteko ahalmena bermatu eta sektoreak aldarrikatu dituen hobekuntza nagusiak biltzen dituelako", ospatu du ELA sindikatuak. "Are hobekuntza gehiago nahiko genituzke, baina kontuan izanik beste sindikatu batzuk prest zeudela akordio okerragoa sinatzeko, uste dugu akordioa ona dela. Egindako borrokaren emaitza da".

"Funtzio soziala betetzen duten gizarte erakundeez osatutako patronal zurrun baten aurrean topatu gara", kritikatu du LABek, baina aldi berean aldarrikatu du "sektoreko langileek egindako greba zein mobilizazioek eragin zuzena" izan dutela negoziazio prozesuan. Azkenik, sindikatu abertzaleak iragarri du sektoreko gehiengo sindikalak "iraultzeko" lan egiten jarraituko duela.

ESKren ustez, akordioa "aurrerapauso handia" da lan baldintzetan, emakumeak %75 inguru diren sektore honetan. Horregatik, sektoreko langile guztiak zoriondu ditu, "bereziki lan eskubideen hobekuntza aktiboki eta irmotasunez defendatu dutenak negoziazio mahaietan, asanblada bakoitzean, lantokietan eta mobilizazio bakoitzean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago