Urtero, batez beste, Euskal Herriko txoko ugaritako 10.000 haur eta gaztek hartzen dute parte, ilustrazioak, ipuinak eta komikiak bidaliz.
Aurten, Esti Vivancok idatzitako Nora joan da Nora? ipuina irakurri eta ilustratu beharko dute txikienek. Koxkorragoek, berriz, Alex Orbek sortutako ilustrazioan oinarritu beharko dute beraiek sortutako ipuina. Azkenik, eta nobedade gisa, aurten lehiaketako helduenek bi aukera izango dituzte: Alex Orbek hasitako komikiari jarraipena ematea edo beronen gaia mantenduz, hau da, txango bat, komikia hasieratik sortzea.
Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sari ederrez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango ditugu aurten ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du; bestetik, Irrien Lagunen Klubak ikuskizun batekin sarituko du ikastetxe parte-hartzaileetako bat.
Ipuinak, ilustrazioak eta komiki ala binetak aurkezteko apirilaren 20a bitarteko epea egongo da.
Informazio gehiago behar izanez gero, jo elkar.eus atarira, idatzi lehiaketa@elkar.eus helbidera edo dei egin 943 310 301 telefono zenbakira.