Zerua oso hodeitsu egongo da egun gehienean, eta zaparradak izango ditugu. Kantauri isurialdean metatutako prezipitazioek arazo ugari sortu dutenez, bereziki Laudion adi egon beharko diote Nerbioiri. Elurra ere egin ahalko du, batez ere arratsaldetik aurrera. Une horretan elur kota 600 edo 700 metroren bueltan ibiliko da, eta gauean 400 metrotan egon daiteke. Jaurlaritzaren arabera, asteartetik asteazkenera elur geruzak 25 eta 60 cm artekoak izan daitezke 1.000 metrora, eta 5 eta 35 artekoak 600 metrora. Mendebaldeko haize gogorra mantenduko da, baita normalean haizegune ez diren tokietan ere: 80 kilometro orduko abiadura har dezake, eta 90-100 kilometro orduko ingurukoa haizeguneetan. Termometroetan, 1 eta 10 gradu arteko aldea espero da Gasteizen, 4-12 Oionen eta Laudion eta 0-9 Agurainen.
Bihar ere zerua estalita egongo da, eta elurra eta izotza izan ditzakegu. Euskalmetek alerta laranja eman du, elur kota 300-400 metrotan egongo delako, eta leku batzuetan beherago egon daitekeela ohartarazi dute. Haize gogorrak jarraituko du —abisu horia mantendu dute–, ipar-mendebaldeko norabidetik. Batez ere tenperatura maximoak asko jaitsiko dira, 0 eta 6 gradu arteko aldean mantenduz.
❄️ Bitartean, elurra Arabako bazter batzuetara iritsi eta zuritzen hasi da jada; adibidez, Karanka herrira, Gaubean (Añana) 🔽 pic.twitter.com/UZCELhfLHN
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) January 17, 2023
Gasteiz, elurraren zain
Aurreikuspen meteorologikoen arabera, elurra datozen orduetan iritsi daiteke Gasteizera. Horren aurrean, Elurteen Planeko 1. larrialdi fasea aktibatu du Gasteizko Udalak, baliabide propioak zein kanpoko baliabideak mobilizatzeko.
Ondorioz, elurra kentzeko bost makina egongo dira alerta egoeran, beharrezkoa balitz hiriguneko bide nagusiak garbitzeko; landa eremuan, berriz, beste hamaika makina egongo dira inguru horiek garbitzeko prest. Galtzadetan esku hartzeko dispositiboaz gain, espaloiak garbitzeko ekipoak ere martxan izango dira.
Bestalde, erabilera publikoko gatz zakuak banatzeko prozesua abian da: atzo, astelehenean, hiriko 35 puntutan jartzen hasi ziren, gizarte etxe, zerbitzu publiko eta eraikin komertzialen alboan eta beste hainbat eremutan.