⛅ EGURALDIA

Fien denboralearen lehen ukituak

Erredakzioa 2023ko urtarrilaren 16a

Bihar arratsaldetik aurrera elurra espero da, baina gaur euria eta haize gogorra izango ditugu protagonista.

Abisu horiez josita hasiko da astea, askotariko arrazoiengatik. Gaur kostalderako haizea eta itsasoaren egoeragatik abisu hori bana eman dute. Guri dagokionez, haizeagatik ere abisu horia dago: mendebal osagaiko haize bizia izango dugu, baina oso bolada gogorrak izan ahalko ditu ere. Zerua oso estalita egongo da, eta euria izango dugu. Termometroetan 3 eta 10 gradu arteko aldea espero da Gasteizen. 

Biharko ere abisu horia ezarri du Euskalmetek, baina oraingoan elurragatik. Fien denboralea dela eta, egunaren hasieran elur kota 1.000 metrotik behera egingo duela iragarri dute, baina egunaren amaierarako 400 metrotara jaitsi daiteke. Elur gisa izan ala ez, prezipitazioak handiak izango direla uste dute, Euskalmeten webgunean oraindik "zaparrada txikiak" titularra jarrita duten arren. AEMETek uste du elurra larunbatera arte nagusi izango dela penintsula osoan. Agentzia honen arabera, bihar Gasteizen termometroa 1 eta 10 gradu artean ibiliko da. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago