Talde sozialek jasandako errepresioa agerian

Erredakzioa 2023ko urtarrilaren 13a

Otsailaren 2ra arte izango da erakusketa, Probintzia plazan. / AFA

Langraizko espetxea, Fuerteventurako Tefía, Huelva eta Badajozeko espetxeekin batera, homosexualitatea zigortzeko zentro nagusietako bat izan zen.

Frankismoan jazarritako talde sozialek jasandako errepresioa Alferrak, Gaizkileak eta Arriskugarritasun Soziala. Jazarpen baten historia grafikoa (1933-1995) argazki erakusketan ikusarazi nahi du Aldundiak. "Erakusketaren helburua da ahaztutako errepresio haren errealitatea ezagutzera ematea, 24 panelez osatutako erakusketa baten bidez", azaldu dute.

Erakusketa foru erakundeak Berdintasun eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren eta Kultura Sailaren bidez bultzatutako memoria demokratikoaren proiektuaren emaitza da. Lana izan da Gasteizko Espetxe Probintzialean eta Langraiz Okako espetxe-kolonian 1959 eta 1977 bitartean estatu osotik preso sartu ziren pertsonen fitxak osorik katalogatzea, Alfer eta Gaizkileen Legeak eta Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialari buruzko Legeak epaitu ondoren.

Dokumentu funtsa Arabako Artxiboan gordetzen da, eta, katalogazioari esker, datu base batean presoen 5.645 fitxa deskribatu dituzte, identifikatu ahal izateko. "Horiek berreskuratuz, iaz Diputatuen Kongresuan onetsitako Memoria Demokratikoaren Legearen agindu nagusietako bat bete nahi da. Herri Administrazio guztien betebeharra da biktimek egia jakiteko duten eskubidea bermatzeko eta, era berean, gertaera horien ikerketa historikoa horiek ezagutzeko interesa duten guztiei helarazteko ezinbestekoak diren dokumentuak babestea", zehaztu du Ainhoa Campo Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak.

Panelak Gasteizko Probintzia Plazan izango dira otsailaren 2ra arte, eta bertan dokumentuen kopiak, argazkiak, prentsa ebakinak eta ilustrazioak daude, Alfer eta Gaizkileen Legeari eta Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialari buruzko Legeari lotutako erakusketak jorratzen duen egoera ulertzen laguntzeko, bai eta zer helburu zuen, nola aplikatu zen eta zer ondorio eta biktima izan zituen ulertzeko ere.

Langraiz Okako espetxeko historiari lotutako hainbat alderdi ageri dira erakusketan, hala nola modernizazio ekonomikoaren aurreko eta ondorengo probintzia nolakoa zen, gaueko aisialdia, trabestismoa eta homosexualitatea, edo Langraizko presoak nola bizi ziren eta zergatik kondenatu zituzten. Langraiz Okako espetxe-kolonia Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialeko Epaitegi Bereziek zigortutakoen kontzentrazio handieneko zentro bihurtu zen. Lan dokumental horrek egiaztatu du 1959 eta 1979 bitartean espetxeratutako presoen kopurua handia dela, 5.661 guztira, gehienak sexu arrazoiengatik. Izan ere, Langraizko espetxea, Fuerteventurako Tefía, Huelva eta Badajozeko espetxeekin batera, homosexualitatea zigortzeko zentro nagusietako bat izan zen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago