Programa ostegun honetan aurkeztu dute Arraia-Maeztun, klima krisiari aurre egiteko eta energia aurrezten laguntzeko udalerri zein eskualdeei zuzendutako laguntzekin batera. Horrez gain, energia aurrezteko berogailuen tenperatura 19ºC-ra mugatzera animatzen duen kanpainarekin bat egin dute ekimenaren sustatzaileek.
Bi erakundeak azken hilabeteetan egiten ari diren hamaika aurkezpenetako honetan, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta Ihobeko Ingurumen Jasangarritasunaren arloko zuzendari Xabier Gonzalez Vegas izan dira, Mendialdeko zein Arabako Errioxako alkate, zinegotzi, mankomunitateetako kide eta kuadrilletako teknikariekin.
Energiaren, klima aldaketaren eta jasangarritasunaren arloan ekimen berriak garatu ahal izateko tokiko administrazioei laguntzeko programa da Erreminta-Gida. Aurkeztutako tresnen artean, tokiko administrazioetan trantsizio energetikorako 30 teknikari kontratatzeko aukera nabarmentzen da, EEEk eta Ihobek Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin lortutako akordioari esker.
2030. urterako, tokiko administrazioek kontsumoa %35 murrizteko eta energia berriztagarrien %32 lortzeko erronka dute. Ildo horretan, adibidez, 19a nonahi dago, seinale bat ote? kanpainari babesa eman diote jardunaldira bertaratutakoek: berogailuen gehieneko tenperatura 19ºC-ra mugatuz energia aurreztea da kanpainaren helburua.