Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak Green txartel turistikoa aurkeztuko dute uda aurretik, lurraldea bisitatzen dutenei ostatuetarako, ostalaritzarako, bisita gidatuetarako, museoetarako edota upategietarako deskontuak eta pizgarriak eskainiko dituena. Bi erakundeek datorren astean aurkeztuko dute Fitur turismo azokan.
Urtarrilaren 18tik 22ra bitartean Madrilen egingo den azokan 170 herrialde eta 10.000 enpresa bilduko ditu, eta honetan aurkeztuko dute, hain zuzen, txartel turistikoa, hilaren 18an, Gasteizen eta Arabaren eskaintza turistikoaren lehiakortasuna "sendotzea" helburuarekin.
Hurrengo egunean, urtarrilaren 19an, ostegunean, Gasteiz eta Araba Fiturren Euskadik izango duen standeko protagonistak izango dira berriro. Izan ere, orduan iragarriko dituzte 2023an "enbaxadore’" turistikoak izango diren pertsonen izenak: telebista-munduari lotutako profesionalek probintziaren erakargune ugariak ezagutaraziko dituzte. "Gure turismogunea ezagutarazten lagundu diguten profesional guztiei eskerrak emango dizkiegu eta aitortza egingo diegu", azaldu du Cristina Gonzalez foru diputatuak. Luzea da zerrenda eta era askotako profesionalak biltzen ditu: Matias Prats, Maria Escario, Jesus Alvarez, Roberto Brasero, Jon Sistiaga, Alberto Chicote, Sandra Sabates, Helena Resano, Manu Sáanchez edo Diego Losada, besteak beste.
Bestalde, Gonzalezek nabarmendu nahi izan du Araban sektorearentzat oso ona izan den urtearen ondoren iritsiko dela Fiturrera. "Abenduko datuak, oraindik eskura ez baditugu ere, itxura guztien arabera, bidaiarien sarrerei eta Arabako ostatu ugarietan kontratatutako gau kopuruei dagokienez historia osoko markarik onena lortu dugu 2022an. Bisitatzen gaituztenek egindako gastuaren bilakaerak ere igoera handia izan du".