On-giz elkarteak jaso du Berdintasunerako Emakunde Saria

Erredakzioa 2023ko urtarrilaren 13a

Erakundeetako eta On-giz elkarteko ordezkariak. / Argazkia: EMAKUNDE

Gizonen sentsibilizazioan eta emakumeen ahalduntzean zein lidergoan egindako lanagatik, Emakunderen aitortza jasoko du On-giz elkarte arabarrak. Epaimahaiak aintzat hartu du gizonak interpelatzen dituzten lan ildoekin bat etorri izana.

2022ko edizioan, Emakunde Saria On-giz Elkartea eta Ezberdinen Zentroarentzat izan da. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta bi hamarkada baino gehiago daramatza maskulinitate berrien inguruan lan egiten: besteak beste, gizon talde ugari sortu ditu, dominazioaz, sexismoaz, botere eta lehiakortasun harremanez eta patriarkatuaz jabetzea lantzen; ondoren, emakumeekin ere hasi da lanean, ahalduntzea eta lidergo pertsonal zein kolektiboak jorratzen.

Epaimahaiak hainbat elementu baloratu ditu aitortza eta 14.400 euroko zuzkidura gordina esleitzeko; bereziki, "gizon taldeekin, emakume taldeekin eta talde mistoekin egindako lana, maskulinitate eta feminitate hegemonikoen ereduak birpentsatu eta deseraikitzeko eta genero identitate alternatibo, askatzaile eta ez-hegemoniko berriak eraikitzen laguntzeko". Baita "gizartean egiten ari den lana" ere, "berdintasunerako eta deseraikitze patriarkalerako sentsibilizazioan, kontzientziazioan eta prestakuntzan, bai euskal lurraldean, bai estatuan eta nazioartean".

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "euskal erakundeek gizonak berdintasunean inplikatzeko egiten ari diren ahaleginaren barruan" kokatu du saria On-giz elkarteari eman izana. Halaber, gogorarazi du azaroaren 25eko erakunde arteko azken kanpaina gizonei zuzendu zitzaiela, eta Emakundek maskulinitateei buruzko nazioarteko kongresu batekin itxi duela 2022. urtea.

Bere aldetik, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak nabarmendu du "emakumeen ahalduntzea eta gizonek berdintasunarekin duten inplikazioa direla, konbinatuta, berdintasunezko eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterantz aurrera egitea ahalbidetzen diguten bi osagai nagusiak".

On-giz elkartearen izenean, Ester Molinerok eta Xabier Odriozolak jaso eta eskertu dute aitortza: "Sari hau gaur egun gure elkartean parte hartzen dugun 120 emakume eta 85 gizonentzako saria da, batez ere taldeen 20 dinamizatzaile boluntarioentzat, denen artean gure sexismoa eta gizartearen sexismoa desprogramatzeko apustu argi eta aktiboa egiten dugulako". Elkartea gizon talde bakarrarekin hasi zen; gaur egun, berriz, gizonen bederatzi talde eta emakumeen beste hamar talde daude aktibo, eta hamabostean behin biltzen dira Gasteizen edo Arabako herrietan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago