50eko hamarkadako kronologia aurkeztuko du Artiumek

Erredakzioa 2023ko urt. 10a, 10:19
Rafael Lafuente artistari eskainitako erakusketarekin hasiko du urtea Artiumek. / Rafael Lafuente

Besteak beste, Alejandro Cesarco, Julia Spinola, Carolina Caycedo eta Rafael Lafuente artistei eskainitako bakarkako erakusketak ere izango dira.

Rafael Lafuente artistari eskainitako erakusketarekin hasiko du urtea Artium museoak. Enrique Martinez Goikoetxea da Konposaketak/Composiciones erakusketaren komisarioa, eta Lafuentek margolari eta diseinatzaile gisa egindako ekoizpen polifazetikoa errepasatuko du. Museoak bere bilduman dauden artisten ondarearekin lan egiteko duen konpromisoari erantzuten diote proiektu honekin.

Martxoan Alejandro Cesarcoren (Montevideo, 1975) Beste adibide berri batzuk erakusketa inauguratuko dute. Erakusketak pedagogiaren rol, ohitura eta forma desberdinak ditu ardatz, eta artistak aldi berean garatzen duen argitalpen-praktikarekin batera aurkeztuko dute. Beste adibide berri batzuk Beatriz Herraezek komisariatu du, eta Lisboako Lumiar Cité/Maumaus-ekin elkarlanean ekoitziko dute.

 

50eko hamarkadako kronologia


Martxoan, era berean, museoaren bildumaren irakurketa berri bat irekiko dute, denbora-esparru zabal batekin. 1950eko hamarkadan modernitatearen narratiba berri gisa sortu ziren praktika artistikoak aztertuko ditu erakusketak; izan ere une horretan, Jorge Oteiza, Mari Paz Jimenez eta Nestor Basterretxea bezalako artistak Latinoamerikatik itzuli eta hainbat enpresa artistiko, politiko eta pedagogikotan murgildu ziren. Ibilbidea gaur egungo garaira iristen da, hasierako narratiba haien irakurketa kritiko garaikideekin. Sergio Rubirak, Thomas Boutoux-ek eta bildumako eta museoko dokumentazio zentroko kontserbatzaileek osatzen dute komisario taldea.

Ekainean, museoak Julia Spinola (Madril, 1979) artistaren bakarkako erakusketa bat inauguratuko du. Bertan, plazeraren nozio konplexua aztertzen duten obra berriak bilduko dira, batez ere artistaren eskulturen bidez. Erakusketa CRAC Alsace-rekin elkarlanean ekoitzi da, eta 2024an aurkeztuko da han; Catalina Lozano eta Elfi Turpin (CRAC Alsace-ko zuzendaria) izan dira komisarioak.

Ekainean orobat, Artiumen espazio publikoaren erabilerak zabaltzeko xedez, Plazaratu proiektuak erakundearen hirira eta gizartera hedatzeko hurbilketa berriak aztertuko ditu. Plazaratu hitzak bi esanahi ditu euskaraz, besteak beste: batetik, plazara ateratzea edo jendeari erakustea, eta, bestetik, argitaratzea. Itziar Okariz (Donostia, 1965) artistarekin elkarlanean komisariatutako programazioari esker, praktika performatzaileek garrantzi handia izango dute museoaren udako programazioan. Plazaratu proiektuaren testuinguru berean, Artiumek Esther Ferrerren (Zenbaki Lehenak, 2003, Gasteizko Udalak gordailuan utzia), Alberto Peralen (Time, 2006), Jose Ramon Aisen (Arbolado para calles, imperios y Paraísos, 2022) eta June Cresporen (Core, 2020) lanak barruko plazako gune publikoan instalatzea aurreikusten du.

Land of Friends, Carolina Caycedo artista kolonbiarraren erakusketa, 2023ko urrian inauguratuko da eta ur-gorputzei, horiekin lotutako gizarte-mugimenduei eta borroka feministei buruzko haren ikerketa luzea aurkezten duten lanak bilduko ditu. Gainera, Artiumek 2023an jarraipena emango dio Z aretoari, mugimenduan dagoen irudiaren praktikei eskainitako programazioari, Mirari Etxabarri (Iruñea, 1988) eta Irati Gorostidi (Eguesibar, 1988), Laida Lertxundi (Bilbao, 1981), eta Naomi Rincon Gallardoren filmen aurkezpenarekin. Bestalde, museoak bere bilduman berriki sartu diren artisten praktikarekin duen konpromisoa berretsiz, Sahatsa Jauregi eta Nerea Lekuonaren erakusketak aurkeztuko ditu.

Azkenik, Artiumek 2022ko urrian inauguratu zituen bi erakusketak 2023ko udaberrira arte egongo dira zabalik. Alde batetik, Black Place, Jutta Koetherren hainbat margolan beltz biltzen dituena. Bertan, formatu handiko mihiseetatik hasi —non artistak Botticelli edo Rubensen margolanak bere egiten dituen—, eta formatu ertain eta txikiko lanetaraino —non Koetherrek, DIY eta punk metodologien eraginez, pinturaren mugak gainditzen dituen— daude ikusgai.

Bestetik, Ivan Zuluetaren asaldura erakusketa martxoaren 5era arte egongo da zabalik. Xabier Arakistainek komisariatutako proiektua da, Ivan Zuluetaren 70eko hamarkadako filmografia esperimentalaren eta artista grafiko gisa egindako lanaren izenburuen sorta batetik, harremanak izan zituen aktoreei, zinemagileei eta musikariei egindako elkarrizketetatik, eta hainbat motatako dokumentu-materialetatik abiatuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide