Adingabeak familiatik irtetea saihesteko plana aurkeztu du EH Bilduk

Erredakzioa 2023ko urt. 10a, 09:30
Claudia Venceslao, Alberto Porras eta Rocio Vitero. / Argazkia: EH BILDU

Bizi On Haurtzaroa eta Familia planak harrera-zentroen aurrean familia-harrera bultzatzea, kaleko hezitzaileen sarea handitzea, familientzako larrialdiko harrera-zerbitzua sortzea eta harrera ondokoaren jarraipena egitea planteatzen du.

Gaur egun, 18 urtetik beherako 57.800 pertsona inguru bizi dira Araban, eta EH Bilduk ohartarazi du horietako batzuek ez dituztela beren oinarrizko premiak aseta. Izan ere, Gasteizko haurren eta nerabeen egoerari buruzko azterlan diagnostikoaren arabera, ia 6.000 adingabek elikadurarekin, arroparekin edo aisialdiarekin lotutako zailtasunak dituzte.

Horren aurrean, Bizi On Haurtzaroa eta Familia plan estrategikoa aurkeztu du EH Bilduk, adingabeak beren familia ingurunean mantentzea eta haien irteera saihestea helburu duen proposamena. Horretarako, familiei baliabideak eskaintzea eta adingabeen kolektiboari arreta espezializatua ematea planteatu du talde subiranistak.

"Horrelako plan bat beharrezkoa da haurtzaroan funtsezkoa delako haurrak garatu eta heldutasunera iritsi ahal izateko", aldarrikatu du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotzi eta Gasteizko alkategaiak, planaren aurkezpenean. "Horregatik, beharrezkoak dituzten laguntzak ematea proposatzen dugu, behar duten familietan esku har dezaten eta etxetik alde egin behar ez dezaten. Beste irtenbiderik ez dagoen kasuetan, familia-harreraren eta hiriko auzoetan banatutako egoitza-ingurune txikien alde egingo dugu".

Baliabide gehiago

Gaur egun, 100 adingabe daude Arabako familia-harrerako programetan, 102 tutoretzapeko etxeetan, 79 berehalako harrera-zentroetan eta 96 eguneko zentroetan zein emantzipazio-zentroetan. Besteak beste, Familia Harrerako Bulegoa sortzea proposatu du EH Bilduk, familia-sare hori prestatzeko, mantentzeko, aholkatzeko eta zaintzeko ardurarekin.

Bestalde, adingabeak bizitza autonomoa izateko presta daitezen, emantzipaziorako prestatzeko etxebizitzak sortzearen garrantzia azpimarratu du EH Bilduk. "Beharrezkoa da harrera osteko programak bultzatzea, bizi diren zentroa utzi eta gero pertsona horiei laguntzeko, guztientzat erreferente izango den espazio bat sortuz", nabarmendu dute.

Era berean, adingabeak ardurapean dituzten familiei premiazko arreta emateko baliabide gehiago sortzea proposatu dute. Zehazki, bi etxebizitza irekitzea, aldi baterako adingabeak dituzten familiak kaletik ateratzeko, beharrezko baliabideak esleitzen zaizkien bitartean.

Azkenik, kaleko hezitzaileen programa indartzea nahi du EH Bilduk, baita detekzio goiztiarreko sare bat ezartzea ere, ondoren adingabeak beren tokian babesteko beharrezko laguntzak ezarri ahal izateko. "Kale hezitzaileak katearen lehen eta azken maila dira, gazte horiei laguntzen dielako, eta baliabide gehiago behar dituzte: ekonomikoak eta giza baliabideak", gaineratu du Porrasek.

DOSIERRA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide