Itxi egin dute Iratxe Lopez de Aberasturiren Twitter kontua

Erredakzioa 2023ko urt. 4a, 14:35
Iratxe Lopez de Aberasturi. / EH Bildu

EAko ildo kritikoko beste zenbait kontu ere bertan behera utzi dituzte.

EAko ildo kritikoko zenbait kideren Twitter kontuak itxi egin dituzte, tartean Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko EH Bilduko zinegotzi eta Arabako EAren koordinatzaile ohiarena. Gainera, besteak beste, Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentari eta ildo kritikoko buruari  eta Mikel Goenaga Gipuzkoako EAren koordinatzaile ohiari ere kendu dizkiete sare sozialeko kontuak.

Ildo kritikoko EA Bizirik plataformak alderdiko zuzendaritzari leporatu dio gertatutakoa, eta "sorgin ehizan" aritzea leporatu dio: "Eva Blancoren exekutibak 2023a berriro ahots ezberdinak eta aniztasuna isilarazi nahian hasi du. Atzoko Maiorga Ramirez eta Iratxe Lopez de Aberasturen kontuei Mikel Goenaga, Ikerne Badiola eta Koldo Amezketarenak gehitu behar zaizkie. Ez gaituzue isilduko! EA demokratikoa!".

Twitterren, hain zuzen, EAko idazkari nagusi Eva Blancok adierazi du ez duela zerikusirik gertatutakoarekin, eta salatu du ez dela "onargarria" aferaren harira pairatzen ari den jazarpena: "Debatea eta adierazpen askatasunaren alde nago, beti ere errespetutik. Argi utzi nahi dut ez dudala bat egiten eta ez dudala zer ikusirik guzti honekin. Azken egunotan pairatzen ari naizen jazarpena ez da onargarria".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide