⛅ EGURALDIA

Haize hegoa, gau epela

Erredakzioa 2022ko abenduaren 22a

Tenperatura gozoak eta partez hodeitutako zeruak izango ditugu Eguberrietarako egun gutxi falta diren honetan.

"Lanbroa eta lainoa" iragarrita daude gaur goizean Arabako hegoalderako, baina zerua bezain garbi dago Euskalmeteko lagunak ez direla ba loterian aberastuko. Egunean zehar zerua tarteka hodeitsu egongo dela iragarri dute, baina erdi eta goi mailako hodeiak izango dira gehienetan. Haizeak indarrarekin joko du hegoaldetik. Termometroetan, epe laburrera larritzeko motiborik ez: 11 eta 14 gradu arteko aldea egongo da Gasteizen.

Biharko ere lainoak iragarri dituzte hegoaldeko zenbait lekutan, eta zerua antzera geratuko da, partez hodeituta. Arratsaldean hodei gehiago pilatu daitezke, eta tantaren bat ere bota dezake —uholde unibertsala etortzekotan, ez guri errurik bota, nahikoa dugu kazetaritzaren krisiarekin—. Haizea indartsu mantenduko da, eta termometroetan ez da aldaketarik espero: 10 eta 13 gradu artean mugituko da galinstanoa. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago