Unibertso digitalari buruzko jardunaldiak ospatuko dituzte Gasteizen

Erredakzioa 2022ko abe. 21a, 11:31

444 ikaslek hartuko dute parte jardunaldietan. / Xare

Gazteak, euskara eta teknologia berriak dira Xare ekimenaren ardatza; Gasteizko zortzi ikastetxetako ikasleak elkartuko ditu Europa jauregian.

Xare euskarazko kultura digitalaren jardunaldiak Gasteizera helduko dira bihar, hilak 22, informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan (IKT) euskararen erabilera sustatzea helburu. Europa jauregian antolatu duten egitasmo honetan gazteak izango dira protagonista, Gasteizko zortzi ikastetxetako Batxilergoko lehen mailako 444 ikaslek hartuko baitute parte. 

Gazteak, euskara eta teknologia izango dituzte jardunaldiek ardatz. Eta, besteak beste, softwareen euskaratzea bultzatzea eta gazteen artean horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusarazi zein balioestea izango ditu helburu. Gasteizko Udalak sustaturiko ekimena da, Jaurlaritzaren nahiz Aldundiaren laguntzaz antolatua.

09:00etan ongietorria egingo diete agintariek gazteei Maria Maeztu gelan, eta jardunaldiaren nondik norakoak bertatik bertara jarraituko dituzte. Hiru gune hartuko ditu Europa jauregiak. Lehenengo eta bigarren solairuetako gelek Ikas aretoa osatuko dute. Beheko solairuan, aldiz, Era eta Jolas guneak egongo dira, Maria Maeztu eta Francisco de Vitoria aretoetan, hurrenez hurren. Hala, 09:00etatik 13:45era bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek Xare jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatzeko aukera izango dute.

Ikas aretoan, esate baterako, gazteek zortzi lantegi praktikotan trebatzeko aukera izango dute. Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak, Dj Makalaren eskutik; Bideo mappinga: errealitatea areagotzen proiekzioak objektuen geometrietara doituz, Elurmalutarekin; Appinventor. Android mugikorrentzako aplikazioak sortzeko oinarrizko ezagutza, Talaiosekin; Errealitate birtuala, Protomakersekin; Arduino: hardware aplikazioetako hizkuntza eta aukerak eta 3D inprimagailuak, Protomakersekin; Gamer gela, Game Erauntsiarekin; Argazkilaritza mugikorrarekin, Instagram baino gehiago, Oier Fuentesekin.

Era aretoan, bi hitzaldi laburretan parte hartuko dute. Sare sozialetan erabiltzaileek uzten duten arrastoaz eta honen ondorioez jardungo dira Pribatutasuna Sarean hitzaldian, Maider Likona informatika ingeniariarekin. Eta esparru digitaleko harreman afektibo-sexualen eredua aztertzeko, eta arriskuak gutxitzeko edo ekiditeko baliabideak jorratuko dituzte Harremanak 3.0: like bat eman saioan, Ane Ortiz sexologoarekin.

Jolas aretoa da aurtengo berritasun nagusia. Aurtengo edizioak euskararen eta IKTen inguruko esperientzia ludikoa indartu nahi du. Horretarako, besteak beste, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida batean lehiatzea proposatuko diete gazteei.

Gasteiz, azken geltokia

Gasteizek hartuko duen hau izango da aurtengo azken saioa eta horretxek borobilduko du 2022ko Xare jardunaldi-zikloa. Abenduaren 5ean eta 9an Donostian egin zuen geldialdia bertako Udalaren Euskara Zerbitzuak bultzatuta. Eta, bestalde, urriaren 13an eta 14an Iruñeko Baluarte jauregiak hartu zuen ekimena, kasu horretan Sarean Euskaraz izenpean. Hiru hiriburuetako bost hitzorduak kontuan hartuta, orotara, 2.270 ikaslerengana iritsiko da ekimena aurten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago