Joan den larunbatean, abenduaren 17an, elkarlanean burututako operazio batean, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak etxeetan lapurretak egiten espezializatutako talde kriminal bateko ustezko bi kide atxilotu zituen Gasteizen: 36 eta 46 urteko bi gizonezko.
Beren etxeko miaketan, dirua, bitxiak, erlojuak, balioko objektuak eta delituak egiteko hainbat tresna eta gakorde aurkitu zituzten, ebidentzia gisa. Ikerketaz arduratu den taldeak Gasteizen egindako lapurreta ugari egotzi dizkie; gainera, Bilbon eta Donostian egindako beste zenbait lapurreta ikertzen ari da, eta horietan inplikatuta egon daitezkeen susmoa du Ertzaintzak. Bi atxilotuak astelehen goizean iritsi ziren epailearen aurrera, eta honek behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du.
Ikerketa abuztuan abiatu zen, Gasteizko Udaltzaingoak trebezia erabiliz etxeetan egindako lapurretekin erlazionatuta zeuden Europa Ekialdeko herritar batzuk hauteman zituenean. Horietako bati bumping edo impresioning metodoen bidez sarrailak irekitzeko gakordeak aurkitu zizkioten. Informazio horren berri izan ostean, Ertzaintza susmagarrien jarduera ikertzen hasi zen.
Ikertutakoei egindako jarraipenetako batean, ertzainek egiaztatu ahal izan zuten poliziaren presentzia hautemateko segurtasun neurriak hartzen zituztela. Horrez gain, ikertzaileak konturatu ziren bi ikertuetako bakoitzak funtzio bat betetzen zuela: horietako bat beti arduratzen zen atarietako ateak zabaltzeaz, bere kidea eraikinen sarreran eta irteeran zaintza lanak egiten zituen bitartean.
Ustez, segurtasun neurri askorik gabeko etxeak aukeratzen zituzten, etxeak hutsik zeudela egiaztatuz (zaintzaileak jartzen edo txirrina jotzen). Bien arteko komunikazioa etengabe aldatzen zituzten telefono mugikorren bitartez egiten zuten; antza denez, poliziek identifikatzerik ez izateko. Lapurretak oso azkar egiten zituzten, denbora tarte laburrean. Atarietako ateak zabaltzeko plastikozko laminak erabiltzen zituzten, eta etxeetako sarrailak manipulatzeko, berriz, gakordeak.