'Aske izan koloretan' aniztasuna irudikatzen duen ipuina aurkeztu dute

Erredakzioa 2022ko abenduaren 20a

STEILAS sindikatuko kideek aurkeztu dute ipuina. / STEILAS

STEILAS sindikatuak eta Dom Campistron marrazkilariak aurkeztu dute 2 eta 6 urte arteko haurrentzako lana.

STEILAS sindikatuak eta Dom Campistron ilustratzaileak elkarlanean sortutako Aske izan koloretan ipuina aurkeztu dute. Haur Hezkuntzako ikasleei zuzendutakoa, "aniztasuna" irudikatzen duen tresna izan nahi du, "sexu edo genero estereotipoak arauaz gaindi tratatzen dituena".

Euri, Maixa, Xole, Gexan eta Mixel lagun talde bat dira, eta haien gorputzak eta identitateak modu librean bizi dituzte. Ondoan, Zangaluzeak dituzte, araua irudikatzen duten pertsonaiak. "Zangaluzeen bitartez sistema bitarra, heterozuzena, neska edo mutil izateko modu konkretua bultzatzen duen errealitatea irudikatzen dugu. Sistema horren transmisore izan daitezkeen komunikabideak, gurasoak, helduak, antolaketa arkitektonikoak... Zangaluzeen irudiaren bitartez, agerian uzten digu sinesmen-sistema bat dela eta, gainera, murriztailea eta askatasunaren kontrakoa", azaldu dute ipuinaren aurkezpenean. Lagun talde honek erakutsi nahi du badagoela bizitzeko beste modu bat. "Euren jarrerarekin, egunerokoan eman daitezkeen egoera batzuk irauli daitezkeela adierazten digute, jarrera mugatuekin aniztasunean bizitzea zaila da eta".

STEILAS sindikatuak duen egoitzan eta Gasteizko Zuloa liburu dendan ere eskuratu daiteke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago