"Zoria" izan dute abiapuntua aurtengo Gazte Klik Klak argazkigintzako eta bideogintzako lehiaketako lanek, bihartik aurrera Amarika aretoan ikusi ahal izango diren obrek. Oscar Golperen Itxurak lana, Rafael Hernandezen El jersey, eta Ainhoa Garcia de Cortazar eta Lucia Jayoren Forma, similitud y azar eta Wacky Races argazki multzoa izan dira garaile.
Erakusketa osatzeko, gainera, aurkeztutako 27 lanen artetik epaimahaiak aukeratutako beste 8 lan egongo dira ikusgai. Lan horien egileak dira hauek: Beñat Gorostidi, Maria Fariñas (2020ko edizioko irabazlea), Oscar Golpe (aipamen bikoitza, beraz, oraingoan argazkigintzako proposamenarekin), Haydee Iza, Garazi Agirresarobe, Xabi Martinez de Pinero, Markel Fernandez eta Jorge Pinero.
Gazte Klik Klak 2022ko irabazleek Tetrapack proiektuaren bigarren fasean hartuko dute parte aurtengo edizioko komisariondokoarekin, Sara Berasaluzerekin. Hala, 2023ko urtarriletik apirilera bitartean, tutoretzako eta laguntza emateko prozesuan hartuko dute parte eta, amaitzeko, udaberrian, Tetrapack erakusketan hartuko dute parte. Gainera, bihar egingo duten inaugurazio ekitaldian, lan saridunek 300 euroko opari-txartela jasoko dute Fotoprixen argazkigintzako, bideogintzako edo kultura arloko materialean gasta dezaten. Aldiz, aukeratutako lanetako artistek 30 euroko txartela jasoko dute Mara Mara Liburuak liburu-dendan gasta dezaten.
Artista garaikideen hitzaldiak
Sariketaren baitan, 2023ko otsaileko igandeetan, gertutik ezagutu ahal izango dira Estatu mailan entzutea duten eta haien lan artistikoan argazkigintzak eta bideogintzak funtsezko tokia betetzen duen lau artista garaikideren esperientzia eta sormen-proiektuak. Topaketa horiek Amarika aretoan egingo dira eta sarrera doakoa izango da tokia bete arte. Nagore Legarreta otsailaren 5ean joango da, Maider Jimenezek eta Laura Carrascosa Vela batera eskainiko dute hitzaldia otsailaren 12an eta, zikloa ixteko, otsailaren 19an, Jon Cazenave izango da.
