Neguko paisaietan ibilbidea, ilustrazio eta jarduerez beteta

Erredakzioa 2022ko abenduaren 20a

Urtarrilaren 29ra arte izango da erakusketa. / Vital Fundazioa

Ordubete inguruko bisitaldia antolatu du Vital Kutxak; besteak beste, euskal mitologiako pertsonaiak ezagutu edo neguko jaietan barneratzeko aukera izango da.

Negu marraztua izenburupean, jarduera eta ilustrazioz osatutako ibilbide gidatua antolatu dute, urtaro horrekin zerikusia duten gai ugari biltzen dituena. Urtarrilaren 29ra arte egongo da zabalik Vital Fundazioa erakusketa-zentroan.

Urtaroak bata besteren atzetik nola igarotzen diren ikusteko aukera izango du bisitariak, zer gertatzen den basoetan neguan, mitologiako baso sorgindua, neguko baratzea, merkatua eta sasoiko elikadura, gertukoak ez diren elikagaien bidaia luzea, neguan ospatzen diren jaiak edo jantziei eta etxean hotzetik babesteko moduei eskainitako gune bat.

Ikus-entzunezko animazioan, musika konposizioan eta beste sektore batzuetan aritzen diren 15 lagunek landu dute. Gorka Otsoa de Alda espazio iragankorren eta museoen diseinatzaileak eta ilustratzaileak koordinatuta, honako hauek osatzen dute lantaldea: Javier Galdos (2D animazioa), Quique Suarez-Alba (soinu-banda), Aratz eta Kapone (Fill in, arte urbanoa), Patricia Nagashiro (ilustratzailea), Angel Remirez de Ganuza (ilustratzailea), Maider Leturiaga (ilustratzailea), Alex Fernandez (ilustratzailea), Nahiara Errasti (diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea) eta Anuska Arbili (diseinatzaile grafikoa).

Hala, ordubeteko ibilbide gidatua osatu dute zazpi ataletan:

  • Zeru izartsua: Neguko gau luze eta hotzek izar garrantzitsu ugari ikus daitezela errazten dute.
  • Ingurune naturala: Zuhaitzak eta zuhaixkak modu desberdinean egokitzen dira negu gorrira, espeziearen arabera.
  • Euskal mitologiako pertsonaiak: Euskal Herria antzinatik datorren herria denez, beren sinesmenak Ama Lurrarengan eta Ilargi eta Eguzki ahizpengan oinarritzen ditu. Lurraren erraietan jeinu eta botere handiko izakiak bizi ziren: Mari, Lamiak, Basajaun, Ttarttalo, Akerbeltz, Jentil, Galtzagorri, Sorginak, Olentzero…
  • Baratzea: barazkiak biltzeko, kontserbatzeko eta landatzeko edo udaberrirako ereiteko sasoia.
  • Jakiak eta neguko sukaldea: kontserbak, sasoiko eta hurbileko produktuak erabiltzen dituen sukaldaritza, elikagai batzuek gure biltegira iritsi aurretik egiten dituzten bidaia luzeak…
  • Neguko jaiak: Saturnalak, Inauteriak, Arabako Landa Inauteriak, Fallak, Gabonak eta Urteberri eguna.
  • Etxea eta jantziak: klimatologia da Euskal Baserriaren eraikuntza-teknika eta -materialak eta janzten dugun arropa baldintzatzen dituen elementu nagusietakoa.

Ibilbide gidatuari amaiera emateko, hogei minutuko emanaldi batez gozatzeko aukera izango dute bisitariek, zirkua, magia, txotxongiloak, antzerkia eta ipuin kontalaria uztartuta.

Ibilbidean zehar, neguaren inguruko ikaskuntza suspertu nahi dute, baina modu ludikoan, erronka edo jolas txikien bidez, hala nola, horma baten gainean izarren unibertso bat osatzea, galtzagorriak aurkitzea, arrastoen bide bati jarraitzea edo perretxikoak aurkitzea. Gainera, ibilbideko hainbat puntuk argazkiak edo selfieak egitera gonbidatuko dute publikoa.

Bisitak goizez edo arratsaldez egin daitezke, eta interesa duten ikastetxeek 945 064 367 / 945 064 351 telefonora deitu eta informazio gehiago jaso eta izena eman dezakete.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago