Araceli Osorio

"Antolatzen garenean, biktima deserosoak gara estatuarentzat"

Anakoz Amenabar 2023ko urt. 4a, 06:00

Araceli Osorio, Mugarik Gabek Gasteizen duen bulegoan. / A. Amenabar

2017an feminizidioaren biktima izan zen Lesvy Osorioren ama da Araceli, eta geroztik ama mexikarren borroka irudikatzen du. Azken urteotan, beste ama eta senide batzuekin batera, Glorieta de las Mujeres que Luchan prozesuan ere parte hartu du. Gasteizen izan berri da Mugarik Gabe elkarteak gonbidatuta.

Lesvy Berlin Rivera Osorio 2017ko maiatzaren 3an hil zuen Jorge Luis Gonzalez mutil lagunak. Telefono kabina baten kablearekin ito zuen Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan (UNAM). Geroztik, borroka amaigabean bizi da Araceli Osorio ama, hiltzailea epaitu eta kondenatzeko trabak tartean, eta birbiktimizazioa eragin duten erakunde eta agintarien kontra. Haren esperientzia eta mugimendu feministak Mexikon egindako lana ekarri berri ditu Gasteizko Emakumeen Etxera, Mugarik Gabe erakundearen eskutik, "emakumeen egia, justizia eta erreparazio eskubidea" aldarrikatzeko antolatu dituzten jardueren artean.

Bost urte baino gehiago justizia eske.

Eta horretan jarraitzen dugu. Lesvy alabaren feminizidioaren ondoren, borroka handi bati ekin behar izan genion, ez baitzegoen feminizidio gisa aitortua, eta bere buruaz beste egin zuela esaten baitzuten; egoera horri buelta emateko lan egin behar izan dugu ahal izan dugun modu eta espazio guztietan. Emakumeen sareak eskainitako perituen laguntzarekin erakutsi ahal izan genuen 2017ko egun hartan Lesvy hil egin zutela, feminizidio baten biktima izan zela. Hiltzailea epaituta, une honetan Maria Elena Cardenasen kontrako prozesu penalarekin jarraitzen dugu; Mexiko Hiriko Prokuradoretzako komunikazio zuzendaria izan zen 2017an, eta Twitter kontu instituzionalean mezu batzuk idatzi zituen Lesvy kriminalizatu eta haren heriotzaren erantzule egiten zutena; are gehiago, hiltzailearen lekuan jarrita, sozialki gaizki ikusten diren jokabide batzuk egozten zizkion alabari.

Noren babesa izan duzue?

Unibertsitate komunitateko emakume gazteen laguntza ezinbestekoa izan da. Biktimaren adinik jakin gabe, izenik jakin gabe, unibertsitatekoa zen jakin gabe... hasieratik jakin zuten feminizidio bat izan zela. UNAM-i erraztasun guztiak eta beharrezko froga guztiak eskatu zizkioten fiskaltzak bere lana egin zezan, ikerketa lana egin zezan. Egun batetik bestera, campusean manifestazioa antolatu zuten, eta horrek presioa areagotu zuen unibertsitatean eta tokiko fiskaltzan ikerketa egokia abiatzeko. Etxean oraindik hildakoa nor zen ez genekienean ere, emakumeak izan ziren Lesvyri babesa ematen lehenak, eta oraindik haiek dira eusten gaituztenak. Emakume askok euren burua islatuta ikusi zuten hor, eta erantzuna bateratua izan zen: Lesbyk ez zuen bere buruaz beste egin, norbaitek hil zuen, eta arduraduna aurkitzea gizartearekin zuten zor bat zen.

Zein da Gasteizko Emakumeen Etxera eraman nahi duzun mezua?

Nire herrialdean, Mexikon, betikotu den indarkeria mahai gainean jarri nahiko nuke hitzaldi honetan; emakume izate hutsagatik egunero 13 emakume hiltzen dituzten herrialdea da, diskriminazioa eta desberdinkeria oinarri dituzten hilketak. 1990eko hamarkadan areagotu egin ziren Ciudad Juarezen, eta orain herrialdean juarizazio prozesua eman dela esaten dugu. Mexiko Hirian gertatu zen nire alabarena, delitu indize handienetakoa duen lau estatuetako batean. Eta nora begira dauden erakundeak? Bere zereginetan huts egin dutela erakusten du honek; feminizidioek erakusten dute erakunde eta estatuek ez dutela beren lana egin, feminizidio bakoitzak hainbat eskubide urraketa dakartzalako. Sexu indarkeriaz ere ari gara, desagertutakoez, bahiketez... Mexikon emakume izateak esan nahi du estatuaren babes falta eta utzikeria pairatuko dituzula; emakume izateaz hitz egitea hurrengo biktima izateko aukeraz hitz egitea da; are gehiago, inpunitate osoz, ezagunak dira estatuko hainbat erakunde eta erasotzaileen artean dituzten isilpeko zigorgabetasun itunak, ustelkeriaren erakusgarri.

"Feminizidioek erakusten dute erakunde eta estatuek ez dutela beren lana egin"

Egia azaleratzeko lanak izaten dira?

Emakumeen sinesgarritasuna kolokan jarri dute erabat, eta ez dago besterik. Feminizidio indarkerietatik bizirik atera bazara, lasai, ez dizute sinetsiko. Zalantzaren onura hiltzailearentzat izango da oraindik, inoiz ez biktimarentzat. Estigmatizatu egiten gaituzte, kriminalizatu, eta, gainera, berriz biktimizatzen gaituzte, defendatzeko ahotsik izan gabe. Badirudi ezkutatuta egon behar dugula, isilik, ezer eskatu gabe, deseroso bihurtzen garelako. Altxatu eta antolatzean, estatuarentzat biktima deseroso bilakatuko gara, ez gara biktima onak. Horregatik, justizia, erabateko erreparazioa eta memoria lortzeko bidean, erakutsi behar dugu emakume horrek ez zuela bere buruaz beste egin, beste horrek ez zuela istripua izan, besteak ez zuela aukeratu... Aldiz, gizartean oso normalizatuta dagoela gizon bortitz horien jokabidea, inpunitatea eskura dutelako, badakitelako idatzi gabeko itun batzuk behin eta berriz berresten direla, horri eusteko egitura oso bat dutelako atzean. Eta, noski, horren erdian, gu geu arduratuko gara Lesvy nor den azaltzeaz, esaten dutenaren kontra, txio haietan Maria Elena Cardenasek idatzitakoaren kontra; beste edozein neska gazte baten modukoa zen, bizitza maite zuena, bidaiatu nahi zuena eta hamaika proiektu zituena. Nazioartean egiten ari garen lan hau ere garrantzitsua izango da gure errealitatea ezagutu eta batera aurre egiteko.

Mugarik Gabe eta Martxoak 3 elkarteko kideekin izan da Araceli Osorio. / Mugarik Gabe

Azken urteetako borrokak aldaketak eragin ditu unibertsitatean, ezta?

Unibertsitatean genero indarkeriari erantzuteko protokoloa 2016an sortu zen, ia behartuta, NBEren He for She programan sartu zelako, eta neurri zehatz batzuk hartzera derrigortuta zegoelako unibertsitatea, dirua tartean, baina gabezia ugarirekin. 2017an zalantzan jarri zen, nazioarteko estandarrak ere urratzen zituelako; protokoloak planteatzen zuen irakasle batek ikasle bati eragindako genero indarkeria kasu bat gertatuz gero, esaterako, akordio batera iritsi behar zirela, bi aldeek bat egin behar zutela, eta hori, noski, ez da aukera bat inolaz ere. 2017tik aurrera, urtero berrikusten da protokoloa, eta aldaketak egiten dira, gero eta parte hartze handiagoarekin. Duela bi urte unibertsitateko araudia ere aldatzea lortu genuen, eta indarkeria motaren bat salatzeko aukera zehaztuta zegoen bi urteko epea luzatzea ekarri du. Lesvyren prozesuaren ondotik, UNAM barruan ikusezinak ziren beste feminizidio batzuk egon zirela onartzen hasi ginen, ikerketarik egin gabe alde batera utzitako hilotzak. Ikasgeletan jazarpen egoerak bazirela jakina zen, ikasleen kontrako irakasleenak asko, baina ez zen horien inguruan hitz egiten. Gogoan dut nire izenaren antzeko bat zuen emakume bat hil zutela duela urte batzuk –Areli Osornio–, eta familia kezkatuta nire bila aritu zela, oraindik feminizidioa tipifikatu gabe zegoenean, eta gertutik eragin zidan, baina oraindik ez ginen jabetu benetako arazo bat genuela; Juarezeko kasuak entzuten ziren garai hartan, baina ez genuen begien aurrean, eta ez genion behar besteko garrantzirik eman. Orain argitara ateratzen ari dira, oraindik pausoak behar diren arren.

"Mexikon emakume izateaz hitz egitea hurrengo biktima izateko arriskuaz hitz egitea da"

Zabala da sare feminista?

Gero eta zabalagoa da, eta lorpen handiak izan dira. Baina, era berean, kriminalizatu egin dute emakumeon borroka; gizarte mailan ez da ongi ikusten nola berrantolatzen ari garen. Duela egun gutxi, esate baterako, ejertzitoko informazioa filtratu zuten, eta kezkatzeko modukoa da; mugimendu feministari egindako jarraipen txostenak agertu dira, eta terrorismoarekin parekatzen dute gure lana. Bien bitartean, feminizidioak gero eta bortitzagoak dira, gero eta basatiagoak; emakumeak hiltzeaz gainera, gorputzak zatikatu eta espazio publikoetan agertzen ari dira. Feminismoak ondo azaltzen digu tamaina honetako basakeria: orduan eta handiagoa gure lana, orduan eta erantzun gogorragoa. Gizonei zuzendutako mezua bidali nahi dute: "Egin ezazue harresia, ez utzi galtzen gure pribilegioak eta kontrola".

Nola jokatu dute hedabideek?

Batik bat, ohiko gertaera polizialen tratamendua eman diete feminizidioei, Juarezen ondo ikusi dugun moduan, baina horretan ere aldaketak datozela ikusten ari gara. Hainbat kazetarirekin elkartzeko aukera izan dugu, tratamendu horren aurrean sentitzen duguna adierazteko, eta aldaketa sumatzen da, beraiek ere konturatzen hasi dira; beharrezkoa da ikuspegia aldatzea, genero begirada batetik jorratzea. Asko sufritu dugu kasu hauek "nota roja" deritzon kazetaritza generotik jorratuta, sentsazionalismotik tiraka, guk elkarrizketetan esandakoak testuingurutik kanpo emanda. Horregatik, gainera, Laboratoria izeneko egitasmoa jarri nahi dugu martxan, komunikatzaile ez garenontzat komunikazio tresna bat izango dena, elkarren artean zaindutako elkarrizketak egiteko aukera emango diguna, behar dugun denbora hartuta, benetan esan nahi duguna adierazteko moduan.     

Erakundeetatik harago, kalean nola bizi da indarkeria matxista?

Batzuek kriminalizatu egiten gaituzte oraindik, eta erasoak justifikatzen dituzte: "Emakumeek erabaki zuten hala izatea, ez dago zer eginik, bikote harremanean erabakitakoa da...". Izan ere, feminizidio gehienak bikotekideen artean gertatzen dira, patriarkatuak dituen modu sotilekin barneratuta, ia konturatu gabe, harreman horiek normalizatuta. Prozesuetako asko hala izaten direlako, konturatu gabe. Ni neu ez nintzen jabetu Lesvyk sufritzen zuen indarkeriaz, gertatutakoa gertatu zen arte. Bere lagunekin hitz egin genuen ondoren, eta argia zen egoera: "Konturatu nintzen bultzatu egin zuela... Ubeldura bat ikusi nion... Bikote harremana zenez, ez nintzen sartu... Bien laguna nintzenez... Jakin izan banu zerbait larriagoa egingo zuela...". Beraz, ez zen larria ordura arte gertatutakoa? Zer da normala, eta zer ez? Horiek guztiak aldatzen ari direla uste dut, poliki bada ere. Ohikotzat ditugun jokabide horiek apurtzen ari dira, espazio publikora atera behar dugula konturatzen ari gara, ez gaudela bakarrik.

Bada babes sarerik?

Martxoaren 8ko mobilizazio handietan, esate baterako, gure bila etortzen dira emakumeak, indarkeria bizi izan duten emakumeak, erakundeetan atea itxita aurkitu dutenak eta guri laguntza eske etorritakoak. Zorionez, laguntza sareak baditugu, ziurrak izan daitezkeen espazio batzuk bilatu ditugu, eta gero eta gehiago gara. Eta, garrantzitsuena dena, feminizidio delituari arreta emango dion fiskaltza bat sortzera behartu dugu; orain arte Mexiko Hirian ez zegoen fiskaltzen arteko koordinaziorik, eta ez ziren aintzat hartzen kasu asko: identifikatu gabeko lagunenak, transfeminizidioak horietako asko... Erakundeak gureak ere badira, eta behartu egin behar ditugu ikertzera. Orain, aldiz, Mexiko Hiriko feminizidio kasuek gora egin dutela esaten digute; ez, jauna, orain arte ez baitira behar moduan ikertu eta ikusarazi; kasu batzuetan, esaterako, erasotzailea biktimaren familiarekin bizitzen jarraitzen zuela ikusi dugu, euren alabak alde egin zuen aitzakiarekin, eta gero jakin dugu ez zela hala izan, hil egin zuela bikoteak. Borroka latza da partikularrenak izan daitezkeen indarkeriak estatuko erakundeen indarkeriekin elkartzen direnean, zapalketa hutsa, eta hori ikusarazten jarraitu behar dugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago