Bisitari modura askotan izan bada ere, ganadu artean edo gazta txapelketari begira, lehendabiziko azoka izango du Agurainen gaztagile lanetan (Betoñu, 1995). Añuako baserrian egiten duen Zelaitxo izeneko ahuntz gazta eramango du plazara urriaren 4an.
Zer da azokara eramango duzuna?
Ahuntz gazta ondua eramango dut, esne gordinarekin egindako gazta. Beste azoka batzuetara eraman dut, ostegun eta larunbatetan Gasteizko azokara esaterako, baina lehenengo aldia izango da Agurainen.
Zer berezitasun ditu gaztak?
Berezia da. Ahuntz gazta da, baina ez da hemen ohituta gauden gazta frantsesen modukoa. Lau bat hilabetez izaten dut hau ontzen, eta testura gogorragoa du, Idiazabalen antzerakoa, baina ahuntz esne zaporearekin eta bere onddoek ematen dioten bizitasun puntu batekin.
Nolako harrera izan du?
Oso ona. Jendea harritu egiten da probatzen duenean. Pentsatzen dugu ahuntz gazta oso fuertea izaten dela, eta honek badu ahuntz esnearen zaporea, baina uste dut publiko guztiarentzako modukoa dela; gazta fuertea gustuko duenak jakingo du zapore hori bereizten, Cabrales bat bezain fuertea ez izan arren, eta oso gaztazaleak ez direnek ere gustora jango dute oso fuertea ez delako.
"Hasieratik oso babestuta eta lagunduta sentitu naiz Lautadako gaztagileen aldetik"
Gaztagile lanekin batera, artzain lanak ere egin behar dituzu. Nolakoa da egunerokoa?
Urtaroaren araberakoa izaten da lana. Orain, esate baterako, goiz esnatu eta gazta egiten hasten naiz, eguerdira arte normalean. Esnea berotzen den bitartean, ukuiluko lanak egiten ditut; ahuntzei jaten eman eta larrera ateratzen ditut, aurtengo beroaldiarekin larre gehiegirik ez dagoen arren. Bazkalostean, berriz ere, ukuiluko lanak izaten ditut, ahuntzak jetzi eta berriz jaten eman behar zaie; 120 ahuntz ditut orain, eta badute lana. Eta egunari amaiera emateko, aurreko eguneko gaztak gainbegiratu eta gatza jartzen diet. Halakoak dira egunak, eta gazta egiten ez dudan egunetan azoka izaten dut. Bakarrik nabilen arren, gurasoen eta beste hainbaten laguntza ere izaten dut.
Txikitatik izan duzu zaletasuna?
Gurasoak ez dira ofizio honetara dedikatu, baina aiton-amonak bai, eta gertutik bizi izan dut. Txikitatik esaten nuen baserritarra izan nahi nuela, beraz ez da sorpresa izan gurasoentzat. Arkautiko eskolan nekazaritza moduloa egin nuen, eta ostean Arantzazuko artzain eskolan izan nintzen. Pandemia hasi aurretik hasi nintzen gazta saltzen, 2019an; Santiagoko azoka izan zen lehendabizikoa, eta 2020ra arte hainbatetan izan nintzen.
Hartutako erabakiarekin pozik?
Bai poizik nago, ez naiz damutzen hartutako erabakiaz, bizimodu polita da. Lan erosoa da, nahiz eta eguneroko lana izan, baita asteburuetan ere, baina gozatu egiten dut, lanean nagoenean ez diot erlojuari begiratzen.
Aurrera begira, zer asmo duzu? Gazta barietate berriak egitea, agian?
Gazta txukun egiten jarraitzea gustatuko litzaidake, eta ostalaritzan produktua ezagutzera ematea eta zabaltzea. Momentuz ez dut barietate desberdinik egingo; nahiago dut gauza bat ondo egin eta saldu, produktu berriekin konplikatzea baino. Gainera, barietate berria egiteak aurretik inbertsioa egitea esan nahi du: pasteurizagailua, moldeak, prentsa... Oraingoz, ez da momentua.
Azkenaldian Lautadako gaztagileak dira jaun eta jabe. Nolako harremana duzue? Elkarlanik bada zuen artean?
Oso ondo moldatzen naiz Lautadako gaztagileekin. Gehienek urte asko daramate gazta egiten, eta beti eman izan dizkidate aholkuak. Ganaduzaleen artean beti izaten dira tirabirak, baina ni pertsonalki oso babestuta eta lagunduta sentitu naiz.
2019an hasi zen gazta saltzen Ezeiza. / Fotogasteiz